Berralokatuta dagoen etxe bateko bi familia etxegabetze arriskuan egon dira gaur arte. Horiei babesa adierazteko elkarretaratzera deitua zuen Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, baina bertan behera utzi dute, bi familientzat alternatibak lortu dituztelako. Zehazki, familietako bat ezagun baten etxera joan da «egonkortasun bila»; eta bestearentzat alternatiba bat lortu du sindikatuak: «Gizarte zerbitzuekin egon ondoren, larrialdietarako etxebizitza batean tokia lortu dute».
Sindikatuak azaldu duenez, bi familiak Añorga Txikin bizi ziren, berralokatutako etxe batean. Hots, etxegabetzeko arriskuan zeuden familiek ez zuten jabearekin inolako harremanik, ezta kontraturik ere: etxe horren alokairu kontratua duen pertsonak familiei logela bana berralokatzen zien, 500 euro baino gehiagoren truke. Kontratudun pertsona ez zen bertan bizi, eta familiei errenta kobratu ostean, ez dio diru hori jabeari eman.
Sindikatuak esan duenez, maiatzean abiatu zuen etxejabeak errentatzailearen kontrako etxegabetze prozesua, baina bi familiak dira horren ondorioak jasan dituztenak. «Kontraturik ez dutenez eta etxegabetze prozesua erdibideko pertsonaren izenean dagoenez, babesik gabe daude. Ez dute eskubiderik izan defendatzeko etxegabetze prozesuaren parte izan direla, eta kaltetu nagusiak haiek direla».
Familietako batek bi urte zeramatzan egoera horretan, eta bigarrena aurtengo ekainean sartu zen etxebizitzara; ez zuten iruzurraren berri. Ordea, berralokatze eredua onartzera behartuta ikusi zuten beren burua, etxebizitzaren alokairu kontratua duen pertsonak esan baitzien erroldatuko zituela, baina ez du hitza bete.
«Zabaltzen ari da negozioa»
Sindikatuaren esanetan, berralokairuaren negozioa hedatzen ari da, «etxebizitzaren negozioa handituz eta prezioak garestituz doazen heinean». Argi dago nork jasaten dituen horren ondorioak: langile klaseak. Sindikatuak adierazi duenez, «langile klaseko sektoreak pobretzen» ari dira, eta horren ondoriotzat hartu behar dira Añorga Txikiko bi familiak etxegabetzeko arriskua, azken urtean kale gorrian bizi ziren lau pertsonaren heriotza, baita berralokatutako etxeak ugaritzea ere.
Ondorioz, gero eta jende gehiagok erabaki behar izaten du «berralokairuan edo kale gorrian bizi». «Gaur, bi familia alternatibarik gabe gelditzea eragotzi da, baina borroka ez da amaitu. Etxegabetzeak ugaritzen ari dira». Hortaz, antolatzera dei egin dute, etxebizitzarekin negozioa egiten duten enpresari zein etxejabeen aurka antolatu eta etxegabetze guztiak gelditzeko.