Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) egoitzara eramango dituzte Amara Berri auzoan kalean bizitzen ari ziren migratzaileak. Foru Aldundiak, Donostiako Udalarekin elkarlanean, erabaki du kalean lo egiten ari ziren pertsona horiei ostatua ematea asilo eskaerak ebatzi bitartean. Bi erakundeek jakinarazi dutenez, 50 pertsona har ditzake aterpetxeak.
Hilabeteak eman dituzte Amara Berriko Kofradien plazan lo egiten. Asilo eskatzaileak direnez, Espainiako Gobernuari dagokio haien ardura, baina bai udalak eta bai foru aldundiak «kezkagarritzat» jo dute «Espainiako Gobernuak egoera horren harira duen ekimenik eza». Haien esanetan, «Estatuko harrera sistema nahikoa ez izateak zaurgarri uzten ditu dozenaka migratzaile». Erantsi dutenez, «Espainiako Gobernuaren erantzunik ez dagoela ikusita, euskal erakundeek hartu dute beren gain, beste behin ere, behin-behineko eta premiazko irtenbide bat eskaintzeko ardura».