Dozena bat konpartsak iragarri dute ez dutela Cola-Cola enpresako produkturik salduko Bilboko Aste Nagusian jarriko dituzten txosnetan. Horrela, elkartasuna adierazi nahi diote Palestinari, eta okupazioa sustatzen duten enpresei boikota egitearen aldeko kanpaina sustatu. Altxaporrue, Bizizaleak, Eguzkizaleak, Hau Pittu Hau, Kaskagorri, Kranba, Mekauen, Piztiak, Txinbotarrak, Txinparta, Txori Barrote eta Uribarri dira oraingoz Coca-Colari «agur» esateko kanpainarekin bat egin duten konpartsak. Gogorarazi dutenez, Coca-Colak lantegi bat du Palestinako lurralde okupatuetan, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak legez kanpokotzat jo ditu behin baino gehiagotan kokaleku horiek. Konpartsek dei egin diete herri eragileei Euskal Herriko gainerako jaietan berdin egiteko.
Sanferminetan ere
Iruñeko sanferminetan ere ugariak izan dira Palestinari egindako elkartasun keinuak, eta Salam Gaza elkarteak eskerrak eman dizkie Iruñeko peñei eta, oro har, Iruñeko herritarrei, Palestinaren aldeko zapiak saltzeko kanpainak izan duen harrera beroagatik. Azaldu dutenez, kanpainari esker lortutako diruarekin egun batez ura eta janaria banatu diete Gazako iparraldeko kanpamentu batean dauden 500 bat familiei. «Badakigu ezin dugula konpondu Israelen genozidioa jasaten ari diren bi milioi lagunen gosetea, baina datozen egunetan ahal duguna banatzen jarraituko dugu, bildutako dirua amaitu arte».