Oihal zatietan "nork bere ideiak, ametsak, desioak" idatzi ditu: "Orain, amets eta desio horien guztien elkartzeari bide eman nahi diogu. Borondate horiek josten hasiko gara asteburuan, ekainaren 21ean borondate horiekin guztiekin hautetsontziak eraikitzeko".
Egun horretarako, ekitaldi jendetsuak iragarri ditu erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak Gasteizen, Bilbon, Iruñean, Baionan eta Donostian, eta bertan eraikiko dituzte hautetsontziak.
Ostiralean ekingo diote asteburuko egitarauari. Iruñean, Itxarongo dugu edo mugituko gara? izeneko mahai ingurua egingo dute 18:00etan Txantreako Kaskallueta elkartean. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak zuzenduta, Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ko bozeramailea, Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua, Jose Luis Uriz PSNko kidea, Nekane Jurado ekonomialaria eta Ainhoa Aznarez Podemos Ahal Dugu-ko Nafarroako kidea ariko dira solasean. Zarautzen, berriz, bertso afaria egingo dute Andoni Egaña eta Amets Arzallusekin.
Abadiño, Aramaio, Arrigorriaga, Tolosa, Zamudio, Eskoriatza, Bakaiku... dozenaka herritan josiko dituzte oihal zatiak ostiraletik igandera. Ekitaldien agenda osoa https://gureeskudago.eus/agenda/ webgunean dago ikusgai. Euskal Herrian ez ezik, New Yorken (AEB) eta La Platan (Argentina) ere ospatuko da Joste Eguna.
[Youtube]https://youtu.be/nqQ1g5zLoso[/Youtube]
Egoitza Donostian
Bestalde, Gure Esku Dago-k Donostiako egoitzaren inaugurazioa egingo du ostiralean (11:30). Etxaide kaleko zortzigarren zenbakian dago egoitza, eta han izango dira plataformako Donostiako taldeetako hainbat kide eta Angel Oiarbide bozeramaileetako bat.
Asteartean ireki zuten egoitza Bilbon, eta Gasteizen ere zabaldu dute: "Informazio gune, denda, bilera leku... finean, herritarren parte hartzerako espazio bat gehiago izango dugu Donostian".