Atzokoa lehen eguna besterik ez zen izan. Gaur goizean, Getxoko (Bizkaia) Itzubaltzeta auzoko dozenaka lagun Lope de Vega kaleko nagusien etxean elkartu dira berriro, hura eraits ez dezatela eskatzeko. 07:00ak inguruan hasi dute protesta auzokoek, eta hasieratik izan da bertan Ertzaintza, brigada mugikorreko hiru furgonetarekin. Eserialdia ordu baten buruan desegin dute, eta langileak eraikinera sartu ahal izan dira, eraisketa lanekin jarraitzeko. Ertzainek gizon bat zauritu dute buruan; hura eramatea galarazi, eta osasun langileek bertan artatu dute hasieran. Gero, ordea, osasun zentro batera eraman dute zauritua.
Eserialdia deseginda ere, ekintzarekin jarraitu dute Itzubaltzetakoek. Santa Eugenia plazara lekualdatu dira, eta hari bueltak emanez aritu. Eguerdi aldera amaitu dute mobilizazioa, txalo eta oihu artean. Atzo egin gisa, 19:00etan berriro elkartuko dira.
Itzubaltzetako herritarrak protestan ari dira, plazan bueltak emanez, Nagusien Etxearen eraistearen kontra. Goizean ertzainak oldartu zaizkie eraistea galarazi nahi zutenen kontra, eta lagun bat zauritu dute @berriapic.twitter.com/ctYl7oTdjQ
— Gotzon Hermosilla (@GotzonH) February 15, 2023
Atzoko elkarretaratzean gizon bat atxilotu zuten, eta hainbat zauritu ere izan ziren. Arratsaldean, Santa Eugenia plazan bildu ziren, eta hor ere Ertzaintza oldartu zitzaien.
Atzo, 19:00etan, eraisketaren kontrako elkarretaratzea manifestazio bilakatu zuten herritarrek, eta, horretan ere, Ertzaintza euren kontra oldartu zen.
— Hiruka (@HirukaEus) February 15, 2023
Auzokideek, @GetxokoEHBildu eta @podemos_getxo taldeek polizien "jarrera oldarkorra" salatu zuten.#nagusienetxearomopic.twitter.com/z4aiQGpIuM
Belaunaldien arteko zentroa
Nagusien Etxea eraitsi ostean, belaunaldien arteko zentro bat eraikiko dute bertan —zentro horretan, adin desberdinetako pertsonak biziko dira elkarrekin; gazteentzako berrogei etxebizitza eta mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako ehun leku izango ditu—. Proiektuak 16 milioiko aurrekontua du, eta 20 hilabete iraungo dute obrek. 2024rako amaituta egotea aurreikusten dute. Urte erdia darama itxita eraikinak, eta urtarrilean hustu zuen Getxoko Udalak. Orain, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetan dago eraikina.
2020an sinatu zuten Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak belaunaldien arteko zentroa eraikitzeko lankidetza hitzarmena. Udalak bere jabetzako lursaila utzi zion lagapenean aldundiari, proiektua 75 urtez garatzeko.