Dozenaka ikasle komunetan eta aldageletan grabatzeagatik auzipetutako irakaslea epaituko dute bihar eta etzi, Iruñean

2023ko urrian atxilotu zuten gizona, Zizur Nagusian, bizilagun batek kamera ezkutua ikusi eta Foruzaingoari hots egin ostean. Ikerketan, 41 biktima identifikatu dituzte; horietatik 31, adingabeak. 180 urteko espetxe zigorra galdegin du fiskaltzak.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Nafarroako auzitegiaren parean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Nafarroako auzitegiaren parean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko martxoaren 23a
10:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zizur Nagusiko (Nafarroa) institutuan eskolak ematen zituen 39 urteko irakasle bat epaituko dute bihar eta etzi Iruñean, Nafarroako Probintzia Auzitegiko lehen atalean, dozenaka emakume —horietako asko, adingabeak— aldageletan eta komunetan grabatzeagatik. 180 urteko espetxe zigorra eta 252.500 euroko kalte ordaina eskatu du fiskaltzak harentzat, intimitatearen aurkako 41 delitu egotzita. Horrez gain, haur pornografia edukitzea eta ekoiztea ere leporatu diote gizonari.

2023ko urrian abiatu zen ikerketa: akusatuaren eraikin berean bizi zen emakume batek Foruzaingoan salatu zuen norbait ari zela bera grabatu nahian, kamera bat ikusi baitzuen logelako leihoaren kanpoaldean. Gailua soka bati lotua zegoen, eta goiko solairuko leiho batetik zintzilikatu zuten, emakumearen etxebizitzaren barnealdea grabatu ahal izateko. Foruzaingoak akusatua atxilotu zuen, eta, etxean zituen gailu elektronikoak aztertuta, delitu gehiagoren zantzuak antzeman zituen: dozenaka neska gazteren irudiak topatu zituzten, komunetan eta aldageletan baimenik gabe hartuak.

Foruzainek grabazioetan identifikatu ahal izan zituzten emakumeen artean daude Zizur BHIko 30 ikasle eta ikasle ohi, ikastetxe berean lan egiten zuten lau irakasle, arropa denda baten aldageletan grabatutako bost emakume eta akusatuaren bi bizilagun. 41 emakume, guztira, eta horietatik 31, adingabeak. Arropa dendetako aldageletan grabatutako irudien artean, emakume gehiagoren irudiak topatu zituzten poliziek, baina orain arte ezin izan dituzte identifikatu.

Sareetatik ebatsitako irudiak

Komunetan eta aldageletan grabatu ahal izateko, espioi kamerak erabili zituen gizonezkoak, eta institutuan ere hartu zituen ikasleen zenbait irudi, eskola orduetan. Horrez gain, baina, adingabeen sare sozialak ere miatu zituen, eta irudi pribatu ugari deskargatu. Ikastetxeko datu baseak erabilita, ikasle askoren pasahitzak eskuratu ahal izan zituen, eta artxibo eta argazki intimoak ebatsi zituen haien posta kontuetatik eta sare sozialetatik.

Zehazki, Instagram sareko 25 erabiltzaile kontu gordeak zituen akusatuak, eta baita @educacion.navarra.es domeinuko posta elektronikoko kontuen pasahitzak ere —Hezkuntza Departamentuak sortzen ditu kontu horiek, sare publikoko ikasle eta irakasle guztiek erabil ditzaten—. Hortik hartutako irudietako batzuk adimen artifizialaren bidez moldatu zituen, adingabeak biluzik edo ia biluzik irudikatzeko. Argazki horiek inorekin elkarbanatu edo inon argitaratu izanaren zantzurik ez du topatu Foruzaingoak.

Horregatik guztiagatik, intimitatearen aurkako 41 delitu, haur pornografia edukitzeagatiko bi delitu eta haur pornografia teknikoa ekoizteagatiko lau delitu egozten dizkiote akusatuari. Aringarri bat ere aitortu diote: «sexu esparruko bulkaden kontrolaren asaldura» diagnostikatua duela, eta horrek «modu arin-moderatuan» eragiten diela haren gaitasunei. Edonola ere, fiskaltzak 180 urteko kartzelaldia eta biktimei pagatu beharreko 252.500 euroren kalte ordainak eskatu ditu harentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!