Administrazioak gorazarre egin izan dio Lanbide Heziketa duala orokortzeari —ikasketaren zati bat enpresetan egiten dute ikasle guztiek—; alta, zenbait irakasle ereduaz kexu dira. Horiek horrela, Lanbide Heziketa Defendatzen taldeak eredu duala aztertzeko jardunaldiak antolatu ditu biharko, Bilboko Bolsan, 10:30ean. Ander Serrano (Algorta, Bizkaia, 1987) eta Iker Arostegi (Bilbo, 1978) talde horretako kideak dira.
Eusko Jaurlaritzak sarri-sarri jotzen du eredugarritzat Lanbide Heziketa duala, eta nazioarteko jakin-mina ere sortu du. Zuek ez duzue bat egiten eredu horrekin. Zergatik?
ANDER SERRANO: Orain dela bi ikasturte, Espainiako Gobernuak Lanbide Heziketarako lege berri bat ezarri zuen. Irakasleok, zuzendaritzak eta ikasleek arazoak ditugu: Lanbide Heziketa duala azkar ezarri dute, asko inprobisatuz...
IKER AROSTEGI: Lege berriak aldaketa nabarmena ekarri du: duala. Lehen, praktikak irakasgai bat ziren, eta, hori egin ahal izateko, beste irakasgai guztiak gaindituta eduki behar ziren; beraz, bermatzen genuen praktiketara zihoan ikasleak bazekiela zikloaren inguruan. Dualarekin zer gertatzen da? Praktikak ezarri dituzte lehenengo mailan ere —orain arte, bigarren mailan bakarrik ziren—. Gainera, orain praktika horiek ez dira irakasgai bat, baizik beste irakasgaien zati bat dira; beraz, zati hori ez dugu ikastetxean lantzen, eta ustez enpresan ikasten dute. Irakasgaien orduak gutxiago dira, eta ez dago denborarik curriculum guztia emateko. Horrek dena bihurtzen du gezur handi bat, eta ikasleek jakintza tekniko txikiagoa jasotzen dute.
«Irakasgaien orduak gutxiago dira, eta ez dago denborarik curriculum guztia emateko; [...] ikasleek jakintza tekniko txikiagoa jasotzen dute»
IKER AROSTEGI
SERRANO: Ezinezkoa da enpresa guztietan irakasgai guztietan ikasten dena lantzea; hori kristoren arazoak sortzen ari da. Ebaluatzea ere oso zaila da: enpresek egin behar dute ebaluazioa, nahiz eta guk izan azken hitza.
AROSTEGI: Saltzen dute jakintza teorikoa ez dela alde batera uzten, baizik eta enpresan lortzen dutela, baina hori ezinezkoa da. Izan ere, enpresa bakoitzak lan desberdinak egiten ditu: ikasle batek gauza bat ikasiko du; beste batek, beste bat.... Gelan, bakoitzari falta zaiona eman behar diogu? Ezinezkoa da. Eta, ziklo batzuetan, ez dugu enpresa nahikorik lortzen. Enpresei esaten diezu: «Lehenengo mailako ikasle bat doa hiru asterako». Eta esaten dizute: «Lehenengo mailakoak? Baina zer jakintza daukate?».
Desberdintasunak daude gela bereko ikasle batzuek eta besteek jasotzen duten heziketaren artean?
AROSTEGI: Horixe da dualaren tranpa. Lehen, ez zen hori gertatzen: praktika batzuk zeuden, eta, noski, enpresaren arabera, esperientzia desberdinak ziren, baina ikastetxean, beste irakasgai guztietan, guztiek eduki berberak jasotzen zituzten; orain, unibertsaltasuna pikutara doa.
SERRANO: Gainera, kasu askotan, lehenengo mailan ez doaz ikasle guztiak praktikak egitera. Hor desberdintasuna handia da. Eta hemen geratzen direnekin ez dakigu edukiak aurreratzen jarraitu, errepasoa egin...
Taldean esaten duzue dualak tentsioak sortu dituela ikastetxeetan, antolakuntzaren, pedagogiaren eta etikaren aldetik. Zergatik?
AROSTEGI: Etikari dagokionez, irakasleok sinatzen dugu akta bat non esaten dugun gure irakasgaian eman beharreko eduki guztia menderatzen dutela ikasleek eta horregatik gainditu dutela irakasgaia. Zati bat enpresan egin dutenez, ez dakizu benetan ikasi duten edo ez. Etikoki ere arazo bat da: sinatzen ari zaren hori ez dakizu hala ote den. Antolaketari dagokionez, ustez ikasle bakoitzari bere ibilbidea egin behar zaio, enpresan ikasiko duenaren arabera; ezinezkoa da. Egoera oso txarra sortzen da guztiontzat: irakasleontzat, aipatutako guztiagatik; ikasleentzat, gutxiago ikasten dutelako; eta enpresentzat, egoera deseroso batzuekin estresatzen ditugulako. Inork ez du ezer irabazten.
SERRANO: Eta lehia dago ikastetxeen artean. Enpresa batera lehenago deitzen duenak eta ikasleak han sartzen dituenak espedientea bete dezake. Ikastetxe pribatuek edo itunpekoek beren sarea daukate, eta lortzen dute ikasleak sartzea; badira albisteak esaten dutenak ikastetxe horiek ordaindu egiten dietela enpresei beren ikasleak hartzeko...
«Lehia dago ikastetxeen artean. Enpresa batera lehenago deitzen duenak eta ikasleak han sartzen dituenak espedientea bete dezake»
ANDER SERRANO
D ereduaren eskaintza nahiko murritza da Lanbide Heziketan, baina euskaraz ikastea aukeratzen duten horien hizkuntza hautua errespetatzen al da enpresetara doazenean?
SERRANO: Guretzat, oso zaila da bermatzea. Gure inguruan, behintzat, ez da bermatzen. Gipuzkoan euskaraz egiteko joera handiagoa denez, agian bai. Hala ere, ezin dugu jakin hori gertatzen den ala ez.