Dudatsuei begirako indar erakustaldiak

Alderdiek zalantzatiei begira ekin diote hauteskundeak erabakiko dituen asteari. Dudatsuak erakartzen saiatu dira denak ekitaldi jendetsuetan.

Ortuzar, Pradales, Ipiñazar eta Urkullu, atzo, Getxon. MIGUEL TOÑA / EFE
Ortuzar, Pradales, Ipiñazar eta Urkullu, atzo, Getxon. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun

Atzean geratu da kanpainaren lehen astea baldintzatu duen ospakizun eta dolu lorratza, eta alderdiak dena emanda joateko asteari ekiteko prest daude, zalantzatiak erakartzeko deiak areagotuta. PSE-EEk Pedro Sanchez Euskal Herriratu du berriro, oroimenean iltzaturik baitauka Eneko Andueza lehendakarigaiak Espainiako Gorteetarako hauteskundeak PSOEk irabazi zituela botoetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osotasun gisa harturik. Boto dualak dena aldatzen du, ordea, bozetatik bozetara, eta ikusteko dago Sanchez Espainiako presidente egin zuten horietatik zenbat joango diren EAJra eta zenbat EH Bildura, koalizio subiranistarako boto transferentzia ere bai baitago PSEtik.

Badaezpada, Sanchezek garbi asko eskatu zien Donostiako Tabakalerako areto handi bat lepo bete zutenei iazko uztailean haren alde egindako guztiek «botoa kontzentratzeko Anduezaren alde». Espainiako presidenteak PSEren mezu nagusietako batean sakondu zuen: «PSE da balio duen ezkerra, barne gatazketan dauden beste aukeren aldean». Alderdi Sozialistarena da «boto segurua», Sanchezen esanetan, eta «EAJrekin dezepzioa hartutakoen botoa» ere bai.

Iazko uztailaren 23an jokoan egon zenaren parekoa da orain jokoan dena, Anduezaren esanetan: «Orduko hartan, pentsioak, lan eskubideak eta gure eskubideak zeuden jokoan. Orain, osasuna, hezkuntza eta segurtasuna».

(ID_13785037) EH Bildu Tolosan
EH Bilduren ekitaldi politikoa, atzo, Tolosan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jendetzak elkartzeko egunak izaten dira kanpainako asteburuak, eta EH Bilduk aldaketaren mezua aurrez aurreko babesarekin lagundu zuen atzo, Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekua txiki utzita. Eta Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusia ezker bakoitzaren rolaren eztabaida betean sartu zen, PSEren «balio duen ezkerra» ahoskatu zen goiz berean. Harentzat, EH Bildu da Euskal Herrian «gehitzeko ahala duen ezker bakarra», eta «erantzukizun politikoagatik» eskatu zien botoa ezkertiarrei.

Pello Otxandiano lehendakarigaiak, berriz, bi ereduren arteko talka hartu zuen  helduleku. «Batetik, alderdikoia dago, norberaz hitz egiten duena, eta, bestetik, herri ikuspegia erdigunean jartzen duena». Lehenbiziko ereduari politika tradizionala deitu zion: «Kanpainan promesak egiten ditu, agintean dagoenean betetzen ez dituenak». Bigarren eredua da EH Bildurena, haren esanetan, eta helburu batekin egiten du lan: «Elkarguneak identifikatu, eta desberdinen artean lan egin». 

«Partida irekia»

Getxon (Bizkaia), Iñigo Urkullu lehendakaria eta Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia elkartu ziren, Andoni Ortuzar EBBko presidentearekin batera, eta mezu argi bat helarazi zuten: «Populismoaren ala nazionalismo demokratikoaren artean aukeratu behar da». Pradalesek esan zuen EAJk baduela lan bat egiteko: «Jendea bozkalekura eramatea». Erantsi zuen «partida irekia» dagoela: «Ez dizuet gezurrik esango»; baina lurraldekako analisi batean sartuta, Bizkaian garaipen argi bat eskatu zuen: «Bizkaiak aldea egin behar du».

Eta EH Bilduren aurka aritu zen gogor: «Zuek bezalakoak, gu bezalakoak direlako itxurak egiten dituzte orain, baina ez dira». Aurrerabidea EAJren eskutik egin dela gaineratu zuen; «haiek ez dute lagundu sekula».

(ID_13784323) (/EZEZAGUNA) sanchez
Andueza eta Sanchez, Donostian. BERRIA

Alderdiko buru Ortuzarrek «azken botoa ere mugitzeko» eskatu zien alderdikideei, «kanpaina atipikoa» izan delako. «Astebetean egin behar dugu bi astean egin ohi duguna: garrantzitsuena da lau boto emailetik bat zalantzan dagoela oraindik». Inkestek diote dudatsu horietatik «gehienek» bozkatuz gero «EAJri» emango diotela botoa. Ortuzarrek esan zuen «jende normala» dela, eta batez ere Getxon eta Donostialdean daudela.

Donostiako Miramar jauregian, berriz, Madrilgo politikariak egon ziren Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai Miren Gorrotxategiren aldeko botoa eskatzen: Ione Belarra Podemoseko koordinatzailea eta Irene Montero eurodiputatugaia. «Benetako aldaketa gauza dadin, EAJri gobernabidea kentzeko giltza» Elkarrekin Podemosek duela esan zuten.

Espazio horretako beste koalizioak, Sumarrek, Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa izan zuen Barakaldoko (Bizkaia) mitinean, eta Diazek esan zuen «aulkira» igarotzeko garaia duela EAJk. «Grebak demokrazia dira, eta errespetatu egiten dira», esan zuen, Pradalesek salatu izan baitu «askorentzat greba lehen aukera» dela beti. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kide batzuek eten egin zuten Sumarren ekitaldia, salatzeko Yolanda Diaz Lan ministroak «patronalarekin adostutako lan erreformak miseriazko lan baldintzak betikotzen» dituztela.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.