Urkulluk ziurtatu du «pandemia aurreko itxaron zerrendak berreskuratu» direla

Urkullu lehendakaria eta Pradales lehendakarigaia Getxon elkartu dira, Ortuzar alderdiko buruarekin batera, eta mezu argi bat helarazi dute: «Populismoaren ala nazionalismo demokratikoaren artean aukeratu behar da».

Iñigo Urkullu atzo, Getxoko ekitaldian. MIGUEL TOÑA / EFE
Iñigo Urkullu atzo, Getxoko ekitaldian. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2024ko apirilaren 13a
19:45
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldi laburra baina indarrez beterikoa egin du Imanol Pradales EAJko lehendakarigaiaren aldeko botoa eskatzeko eta, bide batez, bere gobernuen erreibindikazio argia egiteko. Zenbakiz eta kopuruz beteriko zaparrada bat bota du Urkulluk azaltzeko zer gauza lortu dituzten enpleguan, pobrezia tasetan, aberastasunean eta abar. Osasun sistemaren inguruan ere aritu da une batez, ziurtatu baitu «pandemia aurreko itxaron zerrendak berreskuratu» direla jadanik Osakidetzan.

Herentzia hori guztia «harrotasunez» defendatzeko eskatu die alderdikideei; lehen lerroan egon dira Pradales hautagaia eta EBBko presidente Ortuzar, baita BBBko presidente Itxaso Atutxa ere. Bere diagnostikoa jakinarazi eta gero, Urkulluk argi eta garbi esan du «ongizatea» ez dagoela «bermaturik», eta aukeratu beharra dagoela «populismoaren eta nazionalismo demokratikoaren artean».

Bizkaitarrei deia

Pradalesek hartu du hitza berehala, eta, Urkullu indarrez zebilela esan ondoren, bide beretik jorratu du bere mezua: «Azken txanpan sartu gara, eta benetako erabakiak hartu behar dira». Baina horren aurretik, badu EAJk beste lan bat, Pradalesek onartu duenez: «Jendea bozkalekura eramatea». Bozkatzera joateko eskatu zuen, «atzera ez joateko». Eta erantsi du «partida irekia» dagoela orain: «Ez dizuet gezurrik esango».

Lurraldekako analisi batean sartuta, Bizkaian garaipen argi bat eskatu du: «Alpargatak jantzi, eta joan botoa eskatzera». Ez ditu aipatu Araba eta Gipuzkoa; ekitaldi politikoa Getxon izan da, baina «Euskadi osorako ilusioa eta gogoa» eskatu du, eta hauteskunde hauetan «Bizkaiak aldea» egin behar duela ziurtatu zuen, Bizkaiak eman behar diola garaipena EAJri.

Edonola ere, «Euskadin egindako lanaz harro» egon behar dela esan du, «burua zutik» eduki behar dutela euskal herritarrek, eta zehaztu du denek ez dutela lan bera egin ongizatearen alde. «Beti ezetz» esan diete, haren arabera, Guggenheimi, Zabalgarbiri eta beste proiektu askori. «Orain ere ezetz esaten diote AHTari». Eta EH Bilduri erreparatuz, siglak aipatu gabe, esan du: «Zuek bezalakoak, gu bezalakoak direlako itxurak egiten dituzte orain, baina ez dira». Aurrerabidea EAJren eskutik egin dela erantsi du; «haiek ez dute lagundu sekula».

Alderdiko buru Ortuzarrek hartu du hitza azkenik, eta «azken botoa ere mugitzeko» eskatu die alderdikideei, «kanpaina atipikoa» izan delako, haren ustez. «Astebetean egin behar dugu bi astean egiten duguna. Euskadiren alde bozkatu behar da, eta garrantzitsuena da lautik bat zalantzan daudela oraindik».

Inkestek diote dudatsu horietatik «gehienek» bozkatuz gero «EAJri» emango diotela botoa. Ortuzarrek esan du «jende normala» dela, eta batez ere Getxon eta Donostialdean daudela, eta «lagundu» egin behar zaiela bozkalekura joan daitezen, «Euskadiren alde, ziurtasunaren alde eta bermearen alde».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.