Durangoko zahar etxe bat salatu du erabiltzaile batek, arduragabekeria egotzita

Egoitzako prekaritatearen eta gabezia larrien berri eman du Bizkaiko Batzar Nagusietan.

Bizkaiko Batzar Nagusietan izan da gaur salatzailea. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Bizkaiko Batzar Nagusietan izan da gaur salatzailea. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Maite Asensio Lozano.
2026ko martxoaren 23a
19:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Durangoko Tabira Berri zahar etxeko (Bizkaia) erabiltzaile baten alabak auzitara jo du, egoitzako «prekaritatea eta gabezia larriak» salatzeko. Amak bertan igarotako bi urteak «amesgaiztoa» izan ziren, emakumeak gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan azaldu duenez. Langile faltaz eta garbiketa eta elikadura txarraz mintzatu da, «arretarik eza instituzionala» aurpegiratu dio Bizkaiko Foru Aldundiari, eta andreak egoitzan izandako istripu larri baten berri eman du.

2024ko maiatzean amak izandako erorikoak bultzatu du emakumea salaketa jartzera, «arduragabekeria baten ondorioz» gertatu baitzen, salatzailearen ustez. Hirugarren graduko mendekotasun handia zuen andreak —ezinbestekoa zuen laguntza, autonomia fisikoa eta mentala galduak baitzituen—; besoetarako euskarririk gabeko aulki batean jarri zuten, eta handik jausi zen; erorikoaren ondorioz, lesio traumatikoa izan zuen burezurrean, eta masailezurra hautsi zuen. Egoitzak esan zuen andrea bere kabuz jausi zela, besaulkiekin estropezu eginda, baina zentroko segurtasun kameren irudiek bertsio hori gezurtatu zuten.

Emakumeak, gainera, hainbat kexa aurkeztuak zituen, besteak beste, ratioak gehiegizkoak direlako —langile bakarra mendekotasun handiko hamar pertsona zaintzeko—, elikadura txarra delako edota egoitzak azpiegitura arazoak dituelako —adinekoak mugitzeko garabiak ez zebiltzan ondo, adibidez—. Aldundiak kexei emandako erantzunak «automatikoak» izan direla salatu du; horren seinale, sarri beste erabiltzaile batzuen datuak erabili zituela administrazioak.

Diputazioaren ikuskapenak ere kritikatu ditu salatzaileak; haren arabera, zentroari aurrez jakinarazten diote noiz joango diren ikuskariak, eta egun horretan langile gehiago kontratatzen dituzte, ratioak betetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!