EAE-ANVk gaur esan duenez, maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeetan hautatuak izan ziren beste alderdietako 77 karguk uko egin diote postua hartzeari; PPkoak ez beste alderdi denetakoek.
Nafarroako Parlamenturako baliogabetu egin zuten Espainiako auzitegiek EAE-ANV, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietako ia barruti den-denetako zerrendak ere bai, baita lau lurraldeetako 130 bat herritako zerrendak ere. EAE-ANVk beste alderdiei eskatu die "hauteskundeen ondoren ez dagozkien aulkiak ez hartzeko", horiek bereak direlakoan.
77 kargu horiek 31 herritakoak dira, EAE-ANVk emandako datuen arabera; 30 kargu Gipuzkoakoak, lau Arabakoak, 31 Bizkaikoak eta hamabi Nafarroakoak. "Herritarren borondatea errespetatzeko aurrerapauso esanguratsua da", adierazi du Arantza Urkaregi Bizkaiko Foru Aldundirako EAE-ANVren hautagaiak. Kargu horiek euren alderdiaren zuzendaritzari men ez dietela egin azpimarratu du.
Urkaregik esan duenez, 77 horietatik 26 EAJkoak dira, 11 EAkoak, 15 EB-Aralarrekoak, 12 independenteak, 12 Nafarroa Baikoak eta bat PSE-EEkoa. Haren ustez, orain 182.2 lege organikoa ezarri beharko litzateke, haiek utzitako lekuak EAE-ANVk hartzeko.