Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 71 urte, bost hilabete eta bederatzi eguneko kartzela zigorra ezarri zion gizon bati, 11 mutil adingaberi sexu abusuak egiteagatik eta haurren sexu esplotaziorako materiala edukitzeagatik. EAEko Auzitegi Nagusiak, ordea, aintzat hartu ditu fiskaltzak eta akusazio partikularrek aurkeztutako zenbait helegite, eta gogortu egin dio zigorra: 88 urte eta bost hilabetera luzatu du. Auzitegiarentzat 11 kasuetatik hamarretan sexu erasoak egin zituen, ez sexu abusuak.
Zigortua surf irakaslea zen Hondarribian (Gipuzkoa). 2011tik 2021era egin zituen erasoak, eta 2021eko abuztuan atxilotu zuten. 37 urte zituen orduan. Aurtengo martxoan epaitu zuten. Atxilotu zutenean adingabeen sexu esplotazioko 4.000 artxibo baino gehiago aurkitu zituzten haren bizilekuan. Sexu erasoen biktima horietako batzuek 9 urte inguru zituzten surf eskolak hartzen hasi ziren garaian.
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak gizona zigortu zuenean, mutilen familiek jada esan zuten «harrituta» zeudela, epaileak ez zuelako onartu surf irakaslearen «intimidazioa» egon zenik. Auzitegi horrentzat, surf irakasleak bere «nagusitasuna» baliatu zuen mutilekin, haien surf irakaslea baitzen, eta haiek baino helduagoa; baina, auzitegiaren ustez, mutilek ez zuten beldurrik izan. Beraz, 16 urtetik beherako adingabeei sexu abusuak egiteagatik zigortu zuten, ez sexu erasoengatik. Orain, baina, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die fiskaltzari eta gurasoei.
«Intimidazio psikologikoa»
Zenbait mutilen abokatuak helegitean argudiatu duenez, «testuingurua saihestea» da pentsatzea ez zela intimidaziorik egon surf irakasleak indarkeria fisikorik erabili ez zuelako eta mehatxurik egin ez zielako: «Eremu seguru bat izango zuela bermatu zuen bere ekintzak egiteko, intimidazio psikologikoa baliatuz».
EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du. Uste du adingabeak «akusatuaren bortizkeria emozionalaren subjektu pasiboak» izan zirela. Ohartarazi du adingabeen kontrako bortizkeria ez dela bortizkeria fisikoa soilik, mota askotakoa izan daitekeela, «emozionala barne». Horregatik, nabarmendu du adingabeen kontrako bortizkerian emozionala ere aintzat hartu behar dela: «Hori hobeto egokitzen zaio bizi dugun errealitate sozialari».
Kalte ordain handiagoak
Bost eta hamahiru urte eta erdi arteko kartzela zigorra ezarri die sexu eraso delitu bakoitzagatik —horietako sei jarraituak izan ziren—, eta %30 handitu ditu zigortuak biktimei ordaindu beharreko kalte ordainak. Eutsi egin dio bost hilabeteko kartzela zigorrari, haurren sexu esplotaziorako materiala edukitzeagatik. Sexu erasotzat hartu ez duen kasuan, haren defentsak ez du helegiterik aurkeztu Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren kalifikazioaren kontra.
EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin du zigortuak aurkeztutako helegitea. Argudiatu zuen, besteak beste, bere errugabetasun presuntzioa urratu zela. Epaia ez da irmoa, eta aldeek helegitea aurkez dezakete Espainiako Auzitegi Gorenean.