Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez besteko tenperatura 1,1 gradu igo da 1971tik

Itsas mailak hogei zentimetro egin du gora azken bi mendeetan. Estreinako aldiz, klimaren bilakaerari buruzko txostena atondu dute, azken 50 urteetako datuak bilduta.

Josu Bilbao Ingurumen sailburuordea, berbetan, azterlanaren aurkezpenean, Getxon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Josu Bilbao Ingurumen sailburuordea, berbetan, azterlanaren aurkezpenean, Getxon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
Getxo
2025eko ekainaren 19a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

«Klima larrialdia ez da etorkizuneko auzia; hemen dago jada». Estreinako aldiz, Eusko Jaurlaritzako Ihobe sozietate publikoak eta Euskalmet meteorologia agentziak klimari buruzko txosten bat atondu dute, 1970etik 2023ra arte bildutako datu guztiak erabiliz. Asmoa da aurrerantzean horrelako ikerketak bost urtean behin plazaratzea. Klimaren egoera Euskadin izeneko azterlanak klimaren inguruko orain arteko susmoak berretsi ditu, datu zehatzekin berretsi ere: planeta berotzen ari da, Europa da mundu osoan azkarren berotzen ari den lurraldea, eta «Euskadi ez dago arazo horretatik salbu», Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josu Bilbaok esan duenez.

Kalkulatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tenperaturak 0,3 gradu egin duela gora hamarkada bakoitzean 1970. urteaz geroztik, baina berotze prozesua azkartu egin da azken urteotan. Azken hamarraldia, 2014-2023 tartea hartzen duena, 1991-2020 aldia baino 0,6 gradu beroagoa izan zen, eta 1971-2001 aldia baino 1,1 gradu beroagoa. Azken datu hori Europako batez bestekoa baino baxuagoa da. Europan 1,5 gradu beroagoak izan dira tenperaturak 2014-2023 aldian, 1971-2001ekoekin konparatuta. Aldiz, tenperatura globalek baino berotze handiagoa erakusten dute. Munduko batez besteko tenperatura 0,7 beroagoa izan zen.

Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2022a eta 2023a izan dira 1950etik erregistratutako bi urterik beroenak —txostenak ez du jasotzen 2024ko daturik—.

Udan gehieneko tenperatura 25 gradutik gorakoa izan duten egunak zenbatu dituzte, eta ondorioa izan da horrelako egunak lau gehiago izan direla hamarkada bakoitzean. Bereziki adierazgarria da 2022. eta 2023. urteetan gertatutakoa: urte bakoitzean, 75 baino gehiago izan ziren 25 gradutik gorako egunak. Bero boladek irauten duten egun kopurua bikoiztu egin da: 1970-2000 aldian bero boladek lau egun irauten zuten batez beste, eta 2014-2023 hamarkadan, berriz, ia bederatzi. 2022. urtea bereziki larria izan zen horri dagokionez: 23 egun iraun zuen bero bolada bat egon zen.

«Beharrezkoa da azeleragailua zapaltzea; ezer ez egiteak, edo berandu egiteak, garesti ordaindu beharra ekarriko luke»

JOSU BILBAOIngurumen sailburuordea

Itsasoaren gainazalaren tenperaturak ere gora egin du: 1981etik, 0,25 gradu igo da hamarkada bakoitzean. Itsas mailak ere gora egin du: zehazki, 2,5 milimetro urtean 1993tik. Kalkulatu dute Bizkaiko golkoan itsas maila hogei zentimetro inguru igo dela azken bi mendeetan, industrializazioaren aurreko garaiarekin alderatuta. Eta, gauzak aldatu ezean, gora egin dezake aurrerantzean ere: aurreikuspenetik okerrenak aintzat hartuta, itsas mailak 26 zentimetro egingo du gora 2050. urterako, eta 51 eta 100 zentimetro bitarte 2100. urterako. Horrek «ondorio larriak» ekarriko lizkioke kostaldeari, Bilbaok azaldu duenez, kontuan hartuta EAEko biztanleen %60 inguru kostaldeko herrietan bizi direla. 2100. urterako, itsas mailaren gorakadak 40.000 herritarri eragingo lieke, aurreikuspenik okerrenak betez gero.

Alabaina, txostenean agertzen diren datu guztiak ez dira hain negatiboak: 2005etik, berotegi efektuko gasen emisioak %33 jaitsi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrek, baina, badu ifrentzurik: garraioaren arloan, emisioak %135 handitu dira 1990etik.

Normalean, klimaren aldaketak euriteak, ekaitzak eta antzeko fenomeno meteorologikoak ekarri ohi ditu. Ikerketaren arabera, oraindik ez dago daturik ondorioztatzeko muturreko prezipitazioen maiztasunean aldaketa esanguratsurik egon denik. Edonola ere, nabarmendu dute beste ikerketa batzuetan horren zantzuak agertu direla, Gipuzkoan batez ere. «Hurrengo azterlanetan adi erreparatu beharreko kontua da hori», esan du Bilbaok.

Erakundeen erantzuna

Bilbaok adierazi duenez, erakundeak hiru arlo jorratzen ari dira azterlanean agertzen den egoera kezkagarriari buru egiteko: legezko esparruan, erakundeen arteko lankidetzan, eta ildo nagusiak «lurreratzeko» abian jarritako tokian tokiko neurrietan. Lehenengoari dagokionez, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea goretsi du: «Euskadiko lege esparrua aitzindaria da klima aldaketara egokitzeko, eta neurri espezifikoak jasotzen ditu».

Erakundeen arteko lankidetza ere goraipatu du Bilbaok, eta gogorarazi zenbait udalerrirekin elkarlanean ari direla klima larrialdiaren ondorioen kontra borrokatzeko. Neurri zehatzei dagokienez, azaldu du Kaia klima aldaketarako koordinazio mahaia aurkeztu dutela oraindik orain, eta jadanik lanean ari dela bost proiektu espezifikotan. Zarauzko malekoian, Txingudiko badian (Gipuzkoa), Bakioko paduran (Bizkaia), Gasteizko Astegietako meandroan eta Bilboko itsasadarrean garatu nahi dituzte proiektu horiek, eta, orotara, 27 milioi euroko aurrekontua dute.

«Euskalmeten lana funtsezkoa da euskal gizartearen ongizaterako, bereziki klimaren zaintzaren esparruan»

JOANA EGILUZBabes Zibileko sailburuordea

«Alor honetan, beharrezkoa da azeleragailua zapaltzea», adierazi du Bilbaok; «ezer ez egiteak, edo berandu egiteak, garesti ordaindu beharra ekarriko luke».

Babes Zibileko sailburuorde Joana Egiluzek azaldu du «arrisku potentzialei lotutako inpaktua murriztea» dela haien lehentasuna, eta, horretarako, Euskalmetekin elkarlanean aritzen direla. Euskalmeteko adituen lana goraipatu du: «Ikusgarritasun txikiagoa du, baina funtsezkoa da euskal gizartearen ongizaterako, bereziki klimaren zaintzaren esparruan».

Gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzak duela gutxi eskuratu dituela meteorologia arloan eskualdatu gabe geratzen ziren eskumenak. Espainiako Gobernuarekin sinatutako akordioari esker, aurrerantzean Euskalmetek zuzenean parte hartuko du klimaren inguruko nazioarteko zenbait forotan. «Datu eta informazio gehiago» eta Euskalmeten lana hobeto egiteko «lanabes gehiago» edukitzea ekarriko du horrek, azaldu dutenez.

2,4

Zenbat gradu igo den tenperatura Europan, industria aurreko garaitik. Ikerketaren arabera, oraindik ere Europa da azkarren berotzen ari den lurraldea munduan. Industria aurreko garaitik, tenperaturak 2,4 gradu egin du gora kontinentean, planetaren batez bestekoa baino gradu bat gehiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.