Diskriminazioa egiturazko arazo sozial bat da. Hala uste dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %81ek, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak kaleratu berri duen txostenean adierazi duenez. Gaur aurkeztu dute lurralde horietako biztanleek diskriminazioaren inguruan dituzten pertzepzio eta jarrerei buruzko inkesta, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosarekin batera egindako prentsaurreko batean. Haien arabera, emaitzek erakusten dute euskal gizarteak «konpromisoa» duela «berdintasunarekin».
Txostenean xehe-xehe azaldu dituzte ikerketaren bitartez aztertutako eremuak, eta hainbat ondorio nagusi plazaratu. Kasurako, nabarmendu dute EAE Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren %77k «gizarte plural batean» bizi nahi dutela, eta %91k uste dutela talde sozial guztiek arrakasta izateko aukera berak izan beharko lituzketela. Horrekin lotuta, biztanleen %83k egoki ikusten dituzte gizartean diskriminatuta dauden taldeen eta gutxiengoen ordezkaritza areagotzeko politikak. Hori bai, politika horiek «lehentasuna» izan beharko ote luketen galdetuta, %67k soilik eman dute baiezko irmoa, eta zabalagoa da erdibideko jarrera duten herritarren kopurua.
Ikuspegiko zuzendari Julia Xerxnevak azpimarratu duenez, zenbait eremutan —lanean eta etxebizitzan, adibidez— herritarrak irekiagoak dira aniztasunari dagokionez, eremu intimo edo familiarretan baino. Izan ere, desberdinkeria eta diskriminazioa ez dira berdin erreproduzitzen eremu guztietan. Esparru jakinei dagokienez, EAEko herritarren %79k uste dute etxebizitza eskuratzeko prozesua dela diskriminazio gertatzen den ingurune nagusietako bat; lan eremuari dagokionez, %55ek «alde handiak» ikusten dituzte enpresetako hautaketa prozesuetan, eta %21ek zerbitzu publikoetako sarbidean.
Esperientzia kolektibo eta jakinei erreparatuz gero, berriz, diskriminazioaren pertzepzioa gizarte talde espezifikoetan ardazten da: adibidez, %64k uste dute ijitoen aurkako diskriminazioa oso hedatuta dagoela, eta %57k diote etorkinen aurkako diskriminazioa oso agerikoa dela.
Pertzepzio horrek bat egiten du, hein batean, azken urtean diskriminazioa pairatu duten herritarren ezaugarriekin. Hots, EAEko biztanleen %14,6k jasan dute diskriminazioa; horietatik %22k etorkina edo atzerritar jatorrikoa izatearekin lotu dute erasoa, eta %20k emakume izatearekin. Ikerketan zehaztu dutenez, «diskriminazioaren zuzeneko esperientzia egiturazko ardatz finkatuen inguruan egituratzen da», eta ez da ausaz banatzen, «historikoki zaurgarritasun handiena metatu duten posizio sozial espezifikoei lotuta baizik».
«Infrasalaketa»
Datu horiek eman ondoren, baina, ohartarazpena egin dute txostenean: «Zuhurtziaz» aztertu behar dira. Ez baita gauza bera diskriminazioa jasatea, hura hautematen jakitea, eta salatzea. Izena jarri diote egoera horri: «Infrasalaketa».
Azken urtean diskriminazioa jasan duten herritarren %17,5ek soilik jarri dute salaketa bat edo erreklamazio formal bat; %76k, berriz, ezer ez. Ikerketaren arabera, arrakala horrek «agerian uzten du» gertakari gehienak ez direla iristen bide instituzionaletara. Salaketa ez jartzeko arrazoien artean, «alferrikakoa» delako pertzepzioa (%49,5) da nagusietakoa, baita gertaera ez-larritzat edo normaltzat jotzea (%20,3), prozeduraren kostuei ezin aurre egitea (%5,6); eta ondorioen beldur izatea ere (%4,4).