Euskara lanpostu publiko guztietarako «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izatea proposatu du EH Bilduk

EAEko Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko proposamena erregistratu du koalizio subiranistak, «oldarraldi judizialaren aurkako lehen murrua» izan dadin.

Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarrean hitz egiten, Imanol Pradales entzuten ari zaiola, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarrean hitz egiten, Imanol Pradales entzuten ari zaiola, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko ekainaren 10a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Euskara, Euskal Herriko berezko hizkuntza izanik, euskal administrazio publikoen hizkuntza ofiziala da, gaztelania bezala, eta zerbitzu zein lanerako hizkuntza izango da». Funtzio publikorako sarbidean jauzi kualitatiboa egin nahi du EH Bilduk, euskarak administrazioko deialdietan duen pisua handitzeko eta hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldi judizialari aurre egiteko. Horretarako, EAEko Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko proposamena erregistratu du Eusko Legebiltzarrean. Oinarrian, ideia nagusi bat: «Bi hizkuntza ofizialak ezagutzea izatea irizpide orokorra enplegu publikorako sarbidean». Euskara eta gaztelania.

Irizpide orokor hori, baina, malgua izanen litzateke, eta administrazio publikoek salbuespenak ezarri ahalko lituzkete, kasuan-kasuan. Edonola ere, prozedura gaur egungoaren «alderantzizkoa» izanen litzatekeela nabarmendu du EH Bilduk: administrazioak idatziz justifikatu eta arrazoitu beharko du zein kasutan salbuetsiko edo geroratuko duen euskara jakiteko betebeharra. Halako kasuetarako, lege proposamenean jasota dago langile erdaldunei «trebakuntza plan pertsonalizatuak» eskaintzea eta «ikaskuntzarako liberazioak» ziurtatzea.

Pello Otxandianok eman du lege erreforma proposamenaren berri, Naiz irratian egin dioten elkarrizketan. EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen taldeko buruak azaldu duenez, erreformaren xedea da «gutxieneko berme bat eta lege babes bat» ematea, egungo egoerari buelta emate aldera: «Epaitegiak gure araubidea aldatzen ari dira, legea aldatzen ari dira, legegintzan ari dira epaitegietan, eta hori ezin da onartu».

Otxandianoren arabera, lege erreformarena lehen urratsa litzateke, hizkuntza politika berri baterako bidean. Izan ere, hizkuntza eskakizunen aurkako epaiak gelditzea «premiazko» neurria da EH Bildurentzat: «Badago oldarraldi judizial bat, eta horri erantzun behar zaio lehenbizi. Murru bat jarri behar zaio». Koalizioko eledunaren esanetan, hauek lirateke hurrengo bi urratsak: «Batetik, adostasun soziopolitiko bat behar dugu hizkuntza politika berri baten inguruan; eta azkenik, araubide berri bat behar dugu, lege aterpe berri bat, hizkuntza politika horri segurtasun juridikoa emango diona. Egiturazko bermeak behar ditugu».

Eusko Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxenak hizpide izan du EH Bilduk erregistratutako proposamena. Onartu du «malgutasuna» aintzat hartzen duen eredu bat dela eta «osagarria» izan litekeela. Nabarmendu nahi izan du, hala ere, euskararen biziberritzea ez duela «lege aldaketa zehatz batek» ekarriko, eta askoz ere aldagai gehiago hartu behar direla kontuan.

Jarrita daude oinarriak

EH Bilduk gaur erregistratutako lege proposamena bat dator aurreko hilabeteetan euskalgintzaren eta akademiaren esparruetan azaleratutako beste proposamen batzuekin. Iazko maiatzean, adibidez, Euskal administrazio publikoetan hizkuntza plangintzarako eredu berri baterako trantsizioari buruzko txostena dokumentua zabaldu zuen Txillardegi Gogoeta Guneak Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera antolatutako jardunaldi batzuetan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio zuzenbideko irakasle Iñigo Urrutia Libaronak landu zuen txosten hura, bide orri gisara, eta hark ere oinarritzat zuen euskara funtzio publikoko lanpostuetan jarduteko baldintza izatea baina salbuespenak ezarri ahal izatea, horretarako justifikazioa balego.

Hain justu ere, gaur egun euskararen ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizunak lanpostu jakin batzuetarako aurreikusten dira; proposamen berriaren ondorioz, administrazioek «justifikatu» egin beharko lukete zergatik ez duten euskaraz jakitea eskatzen. Izan ere, proposamen hori sustatu dutenen arabera, egun indarrean den ereduarekin ezin da aurrerabiderik egin. Oldarraldi judizial deitutakoari ekiteko mugarri izan diren bi sententzia propio aipatzen dira proposamen horretan, beste hainbaten artean; biak ere jurisprudentzia aldaketan «paradigmatikoak» izan direla uste du Urrutiak. Lehen ebazpena EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia da, 2021eko maiatzaren 4koa, Irunen udaltzain jarduteko ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra ebatzitakoa. Beste ebazpena 2023koa da, otsailekoa, eta EAEko Auzitegi Nagusiak emandakoa hori ere; atzera bota zituen Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko Uliazpi fundazioak langileei ezarritako hizkuntza eskakizunak.

Gaiari buruzko jurisprudentzia ere jaso du EH Bilduren proposamenak, eta eredutzat hartzen ditu, kasurako, Galiziako eta Kataluniako kasuak: «Bi autonomia erkidego horietan, funtzio publikoetan sartzeko baldintza orokor gisa ezartzen da bi hizkuntza ofizialak jakitea». Horregatik, eta euskarak, katalanak eta galizierak hedadura maila ezberdina dutela onartuta ere, koalizio subiranistak ezinbestekotzat jo du «abiapuntua ezarriko duen oinarri juridiko berbera» aplikatzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere: «Alegia, enplegu publikorako sarbidean bi hizkuntza ofizialak ezagutzea irizpide orokorra izatea EAE osorako». Urrutiak landutako proposamenean ere propio aipatzen da bi erkidego horietako funtzionatzeko modua: «Bi autonomia erkidego horietan, funtzio publikoetan sartzeko baldintza orokorra da bi hizkuntza ofizialak jakitea».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.