EAEko entitate publikoek armagintza sektorearekin kolaboratu ahal izango dute

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legea aldatu dute aurrekontuak onartzeko prozesuan. Kontrakoek protesta egin dute legebiltzarraren atarian, eta gobernuko alderdiek defendatu dute Europako funtsak jasotzeko onartu dutela.

Eragileek eta gobernuz kanpoko erakundeek legebiltzarraren atarian egindako protesta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Eragileek eta gobernuz kanpoko erakundeek legebiltzarraren atarian egindako protesta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
inaut matauko rada
2025eko abenduaren 23a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken orduko aldagai bat sartu da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen ekuazioan, eta protestak ekarri ditu horrek Eusko Legebiltzarrean eta kalean. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk beste zuzenketa bat proposatu dute azken egunetan, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Legea moldatzeko; 10.4 artikulua, zehazki. Lege hori onartu zenean, iaz, artikulu horrek zehazten zuen Euskal Autonomia Erkidegoko entitate publikoek, «ekonomia sustatzeko politiken barruan», ezin dutela kolaboratu armak edo erabilera militarreko teknologia ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen duten pertsonekin edo enpresekin. Gaur onartutako aldaketarekin, ordea, debeku horretatik kanpo geratuko dira Europako segurtasun estrategia izeneko itunarekin lerrokatutako enpresak.

Hala dio zehazki zuzenketak, Eusko Legebiltzarrean erregistratutako txostenaren arabera: «Zuzenketaren helburua da gaur egun armagintza industriaren proiektuei diru languntzak emateko dauden murrizketa legalak kentzea».

Sumar mugimenduak gogor egin du zuzenketa horren kontra, baita gizarte zibileko hainbat eragilek ere. Emakumeok Gerraren Aurka taldeak bultzatuta, hainbat eragile eta norbanako Eusko Legebiltzarraren atarian bildu dira goizean, barruan eztabaidatzen zeuden bitartean. Berrogei taldek baino gehiagok bat egin dute aldaketaren kontra. Salatu dute aldaketak indargabetu egiten duela «artikuluaren eduki antimilitarista eta bakezalea», eta aukera ematen duela «beti edo ia beti» enpresa militarrak laguntzeko.

«Lankidetzak ezin du gerra finantzatu», esan diete aldaketaren aldekoei. Kontrakoa eskatu dute: «Gastu militarrak helburu sozialetarako».

Eusko Legebiltzarrean izan da Jon Hernandez, Sumarreko legebiltzarkidea, eta uste du aldaketa horrekin gizarte aurrekontuaren zati bat industria militarrera zuzentzea ekarriko duela. Hori gezurtatuz, Legebiltzarreko eztabaidan EAJko Alaitz Zabalak azaldu du aldaketa horri esker Eusko Jaurlaritzak Europako funtsetatik diru gehiago jaso ahal izango duela.

Zuzenketan, gobernuko kideek zehaztu dute aldaketa hori egin gabe ezingo litzatekeela lortu finantzaketa hori, eta funtsezkoa dela uste dute, bereziki hiru sektore «estrategiko» hauspotzeko: zibersegurtasuna, aeroespaziala eta erregai berriztagarriak. 

Hernandezek adierazpenak egin ditu, azalduz testuinguru belizista areagotzen ari dela, eta horri zuzendutako EAEko aurrekontua handitu egingo dela: «Kontrol eta segurtasun dinamikei ematen zaien euro bakoitza etxebizitzatik, zainketatik, zerbitzu publikoetatik eta lankidetzatik kentzen da», zehaztu du. Era berean, Sumarreko koordinatzaile Alba Garciak legearen aldaketa tramitatzeko modua salatu du, uste baitu «gauekotasunez» egin dutela, «eztabaidarik eta gardentasunik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.