«Sexu jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena izan daitezkeen egoerak etengabe gertatzen dira, eta osasun profesional horiek bortxatu eta eraso egiten diete», salatu du SATSEk, Euskadiko Erizainen Sindikatuak. Erizainen eta fisioterapeuten erdiek (%48) iruzkin edo txiste sexistak jasan dituzte; lautik bat gutxietsia sentitu da (%27,54); lautik bati (%25,28) eremu pertsonala inbaditu diote; hamarretik bik (%22,60) eskatu eta nahi gabeko kontaktu fisikoa izan dute; eta hamarretik batek (%9,60) hitzordu bat izateko edo sexu harremanak izateko proposamenak jaso ditu, saihesten saiatuta ere.
Azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da, eta sindikatuak informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du. Leloa: Bai, gertatzen da... jazarpena da. Urrian eta azaroan inkesta bat egin du erizainen eta fisioterapeuten artean. 777k erantzun dute.
Jakinarazpenik eta salaketarik ez
Halako erasoak sarritan gertatzen dira: ia erdiek esan dute behin baino gehiagotan jasan dituztela halako erasoak, gutxienez bi aldiz eta gehienez bost aldiz;Â lautik batek adierazi du hamar alditan baino gehiagotan jasan dituela halakoak lanean egindako denbora guztian; eta hamarretik seiri azken hiru urteetan gertatu zaizkio halakoak. Â
Erasoak izan direnean, gehienek (%85,54) ez diote jakinarazi zentroari, eta ez dute jarri salaketarik: prozedura eta haien eskubideak ezagutzen ez dituztelako eta konfiantzarik ez dutelako prozeduraren eraginkortasunean. Inkestan parte hartu duten erdiek ez dakite haien zentroetan sexu jazarpenari aurre egiteko protokolorik dagoen. Hirutik batek esan du jaso duela gaiari buruzko informazioa eta prestakuntza.
«Ezkutuan eta zigorrik gabe»
SATSEk salatu du erizainen eta fisioterapeuten kontrako jokabide horiek sarritan normalizatu eta isilarazi egiten direla: «Lan eremukoak dira ohikoenak, ezkutuenak eta zigorgabeenak. Egiturazko desberdintasuna eta genero boterearen erabilera erakusten dute».
Sektore feminizatua da erizainena eta fisioterapeutena, «historikoki estereotipatua eta sexualizatua». Uste eta jokabide horiek areagotu egiten dira, sindikatuaren arabera, haien lanaren «hurbiltasun fisikoagatik» eta jendeak «pertzepzio oker bat» duelako: «Beste pertsona batzuen zerbitzura gaudela».
SATSErentzat, inkestaren emaitzak oso kezkagarriak dira, eta beharrezkoa da langileak, administrazioa, enpresak eta gizartea egoeraz jabetzea. Berdintasun planak eta protokoloak zorroztasunez betetzeko eskatu du.