Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletan emakumeen aurkako indarkeria molde desberdinak antzemateko adierazle sistema bat landuko du Eusko Jaurlaritzak. Hezkuntza Sailak eta Emakundek sustatutako hezkidetza planaren helburu nagusietako bat genero bortizkeriari aurrea hartzea izaki, irakasleei detekziorako tresnak ematea izango da proiektu horren xedea. Hiru urteko iraupena izango du planak, eta ikasturte honetan jada ari dira ekintzetako batzuk abian jartzen.
Azken asteotan eragileen ekarpenak jaso ondoren, hezkuntza komunitatearen aurrean aurkeztu zuten atzo hezkuntza sisteman hezkidetza lantzeko eta genero indarkeriari aurrea hartzeko gida plana. Bilbon izan zen ekitaldia, sektoreko ehundik gora langileren aurrean. Berritasunen artean, genero indarkeriaren kontrako neurriei buruz emandako xehetasunak izan dira nagusi. «Ikastetxeak leku seguruak izan daitezen nahi dugu», adierazi du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Begoña Garamendi Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak erantsi duenez, prebentzioa eta detekzio goiztiarra jorratu nahi dituzte batik bat: «Bortizkeria jasaten duten haur eta nerabeen kasuan antzeman, eta egoerei aurre egingo diegu».
Hain justu, horretara bideratuko dute adierazleen sistema. Batetik, indarkeriari buruzko gida bat landuko dute, mota bakoitza bereizi ahal izateko: neskatoen kontrako indarkeria sexista, berdinen arteko eskola jazarpena edo bullying-a, amen aurkako genero indarkeria, elbarritasunari lotutako sexu abusuak, genitalen mozketa... Bertan txertatuko dituzte adierazleak, ikastetxeko langileak horietara adi egon daitezen. Bestetik, irakasleei eta zentroko arduradunei nola jardun adieraziko dien protokolo bat egingo dute, eta kasu batzuetan udaletako berdintasun arloen neurriekin koordinatuko dituzte.
Edonola ere, ekainean iragarritako planaren muinean ez da aldaketa handirik izan, Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak berretsi duenez: «Plan honen balio erantsia da lana sistematizatzeko aukera emangoduela, egiturak eta pertsonak emango zaizkiela ardurei. Hala, hezkuntza komunitate osoak parte hartuko du». Neurri esanguratsuena da eskola bakoitzak hezkidetza arduradun bat edukiko duela; dena den, erantzukizun guztia pertsona batengan ez uzteko, ikastetxeetan berdintasun batzordeak eratzea bultzatuko dute, eta zentroetako eskola kontseiluek ere berdintasun ordezkari bat izango dute.
Plana aplikatzeko prozesuak ikasturte honetan hasi behar zuen, baina datek estututa ari da martxan jartzen. Esaterako, ikastetxeek aurten izendatuko dute hezkidetza arduraduna, baina datorren kurtsora arte ezingo dituzte asteko hiru liberazio orduak hartu, egutegiak eta lanpostuen funtzioak itxita baitaude dagoeneko.
Era berean, aurten hasiko dira trebakuntza eskola batzuetara helarazten; atzo bertan 50 zentro publikoentzako deialdia zabaldu zuen Hezkuntza Sailak. Aukeratutako ikastetxeetako hezkidetza arduradunak hezkidetzaren arloko formakuntza jasoko du, zentroan dauden desberdintasunen diagnostikoa egin dezan eta hobekuntzak proposa ditzan. Deialdi horrek jarraipena izango du datozen urteetan: kurtso bakoitzean ehun eskolari eskainiko zaie, eta tartean sartuko dira itunpeko ikastetxeak ere.
Horrez gain, hezkidetzari eta genero indarkeriari buruzko informazioa eta trebakuntza eskaintzen hasiko da Hezkuntza Saila, bai zentro guztietako irakasleentzat, bai ikasleen senideentzat.
Hautazko irakasgaia
2014-15ko ikasturtean abiatuko dute, halere, egitasmo nagusia: hamar ikastetxeetan probatuko dute hezkidetza eskolaren eredua. Jaurlaritzak aurki zabalduko du deialdia, eta «hezkidetza proiektu globalak» garatu beharko dituzte hautatutako zentroek: «Horien esperientzia eredu eta erreferente izango da gainerakoentzat». Hamar ikastetxe horiek hautazko irakasgai berri bat eskainiko dute: Generoa eta aldaketa soziala. Garamendik zehaztu du DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan emango dutela: «Hor ere administrazioak badu konpromisoa, curriculuma garatzeko eta proposamen gisa ikastetxeei zabaltzeko».
Curriculumeko eta ikasmaterialetako edukiak berraztertzeko xedea, baina, irakasgai guztietara hedatu du Jaurlaritzak. Emakumeen jakituria eta gizartearen garapenari eginiko ekarpen sozial, historiko eta zientifikoak jasotzeko helburua nabarmendu zuten arduradunek ekainean, baina hori gauzatzeak luzeago joko du, Garamendiren hitzetan, argitaletxeekiko lana ere eskatzen duelako. Hezkuntzan berrikuntza eta sormena lantzeko Heziberri 2020 egitasmoaren barruan ere kokatu du: «Esparru pedagogiko propioa eratzeko aukera ematen du, eta proposamen horren barruan genero ikuspegia txertatzeko gogoa ere badago».
Sufrimendua eskolan
Pertsonen garapen integrala, edozein dela euren sexua. Hori da hezkidetza planaren helburu nagusia. Berdintasunezko harremanak sustatuz, nesken zein mutilen autonomia landuz, ikasketak askatasunez aukeratzeko orientatuz, eta aniztasunean zein errespetuan heziz lortu nahi dute. «Indarkeria mota guztien arbuioan heztea» dakar horrek, Cristina Uriartek nabarmendu duenez: «Neska eta nerabe askok eta mutil batzuek ere bazterketa eta indarkeria jasaten dute, gizarteak espero duena egiten ez dutelako».
Begoña Garamendik erantsi du eskolan ez dagoela orekarik, «neskek eta mutilek ez dutelako aukera berdinik». Genero rolak mantentzen direla ekarri du gogora, eta, ondorioz, emakumeek ezin dutela «potentzial guztia garatu». Egoera hori iraultzeko, arreta jo du giltzarri: «Gauzak ez dira berez lortzen; horren gainean lan egiteko pertsonak jarri nahi ditugu. Betaurrekoak jartzean datza, edozein egoeraren aurrean zer daukagun eta nola jokatu ikusteko. Normaltzat ditugun egoera batzuk ez dira normalak, pertsonak sufritzen ari direlako».
Berdintasunerako bidean, hezkuntza sistema ezinbestekotzat jo dute arduradunek. «Badakit erantzukizun handia jartzen ari garela zuen bizkarrean», esan zien atzo Uriartek aurkezpenera joandakoei. «Baina zuen lana aitortu nahi dut: mila esker genero indarkeriaren aurka agertu duzuen konpromisoarengatik». Izan ere, hezkuntza komunitatea ez da orain hasiko hezkidetza lantzen. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak gogora ekarri zituen Nahiko eta Beldur Barik programak, eta emaitza onak goratu: «Genero rolen gaineko ezagutza handiagoa dute neskek, eta berdintasuna eskubidetzat dute».
EAEko eskoletan genero indarkeria antzemateko sistema landuko dute
Hezkidetza planaren barruan, emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzea lehentasuntzat jo du Eusko JaurlaritzakAurten izendatuko dituzte ikastetxe guztietako hezkidetza arduradunak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu