Bernedoko udalekuari buruzko ikerketa judiziala abiatu dute, Ertzaintzak lau salaketa erregistratu eta gero

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu du «sexu askatasunaren kontrako» ekintzengatik jarri direla salaketa guztiak, Bernedon eta Abaigarren gertatutakoagatik. EAEko fiskal nagusiak, berriz, adierazi du hedabideen bidez izan duela salaketen berri.

Carmen Adan —erdian—, artxiboko irudi batean, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA
Carmen Adan —erdian—, artxiboko irudi batean, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA
Isabel Jaurena.
2025eko irailaren 29a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bernedon (Araba) egiten diren Euskal Udalekuei buruzko ikerketa judiziala martxan jarri dute, EFE albiste agentziak baieztatu duenez. Hain zuzen, iturri horrek berak erran duenez, udaberrian iritsi zen Ertzaintzaren atestatua Gasteizko epaitegira, baina joan den asteko ortzegunean agindu zuen epaileak prozedura aurretiazko eginbidea irekitzea; eta gaur hasi dute ikerketa judiziala.

Horrez gain, Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak adierazi du «hedabideen bitartez» izan zutela udalekuei buruz zabaldutakoen berri. Zehazki, El Correo hedabidean eta zenbait webgunetan hedatu zen udaleku horretan haurrak eta nerabeak dutxa mistoak izatera «behartu» zituztela, begiraleak ere dutxetan sartzen zirela eta haur eta gazteak hamabortz egunez familietatik «inkomunikatuta» eduki zituztela. Ordea, joan den ortziralean udalekuko hezitzaileek ukatu zuten inor bertzeen aurrean biluztera behartu izana, eta nabarmendu egoera «berariaz» azaltzen dietela haur eta gazteei. 

Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur erran duenez, lau salaketa dauzkate erregistratuta, «sexu askatasunaren kontrako» ekintzengatik guztiak. Iturri horren arabera, 2024aren hondarrean izan zuten gertatutakoaren berri, baina lehenbiziko salaketa joan den abuztuaren 25ean jarri zuten, eta bertze hirurak joan den asteko ortziralean. Zehazki, lehenbiziko salaketa jarri zuten «2021ean eta 2022an Aibagarreko udalekuetan eta 2023an eta 2024an Bernedon gertatutakoengatik»; eta bertze hirurak Bernedon gertatutakoagatik —ez dute urtea zehaztu—. 

Bada, Adanek erran du fiskaltzari ez ziotela horri buruzko deus ere erran. Are, Gasteizko epaitegi batek gertakari horiei lotutako atestatuak «geldirik» eduki izana salatu du. «Beste batzuetan gertatu bezala, epaitegira bideratutako atestatua linboan gelditu zen, eta ez zuen ekarri derrigorrezkoa den diligentzien irekiera», adierazi du fiskal nagusiak. Hortaz, Adanek kasua eramatea dagokion epaitegiari eskatu dio ikerketa «berehala» hasi dezala. 

Gehitu du, gainera, adingabeen arloko unitate zentralak eman behar ziola fiskaltzari kasuaren berri: «Espero genuen gure artean gertatutakoaren berri izateko adinako koordinazioa egotea».

Testigantzak

Udalekuetan egon ziren adingabe batzuen gurasoen testigantzak izan ziren guztiaren abiapuntua; beren umeak dutxa mistoak erabiltzera behartu izana salatu zuten, hain zuzen. Haietako baten arabera, «inork» ez zien deus ere erran dutxa mistoei buruz: «Nesketako batzuk traumatizatu egin dituzte. Bakarren batek arreta psikologikoa jaso behar izan du, eta beste batzuek ez dute besterik jakin nahi udalekuen inguruan». Kontrara mintzatu dira hezitzaileak, eta nabarmendu dutxa mistoena ez dela «haurrengandik eta gazteengandik bereizita dagoen proposamen bat»: «Egoera berariaz azaltzen zaie, eta horri buruz hausnartzeko baliabideak eskaintzen zaizkie. Gure helburu nagusia eremu hezitzaile eta seguru bat sortzea den heinean, haien zalantzak eta kezkak entzuteko eta lantzeko denbora hartzen dugu».

Halaber, salatu dute dutxa mistoen harira gorroto mezuak zabaldu direla, eta bide publiko eta pribatuetatik eraso transfoboak jasan behar izan dituztela. Hori ikusirik, ezinbertzekotzat jo dute esplikatzea Euskal Udalekuetako hezkuntza proiektuak, orokorrean, balio transfeministak dituela oinarri, eta «identitate eta gorputz guztientzako gune seguruak sortzea» duela helburu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.