EAEko gazteek soldataren %64 erabili behar dute hipoteka ordaintzeko

Behera egin du emantzipazio tasak: 18 eta 34 urte artekoen %32k baino ez dute familiaren etxetik alde egin. Gazteen Euskal Behatokiaren txosten baten arabera, etxebizitza garestitzeak nabarmen zaildu du emantzipazio prozesua.

Gazteen emantzipazioari buruzko hainbat datu bildu ditu Jaurlaritzak txostenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gazteen emantzipazioari buruzko hainbat datu bildu ditu Jaurlaritzak txostenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2025eko urriaren 13a
14:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazte gehienek 25 urtetik aurrera emantzipatu nahi izaten dute, baina batez beste 29,8 urterekin egiten dute alde familiaren etxetik, Europan baino hiru urte eta erdi beranduago. Ikasketak luzatzeak, lan baldintza «konplexuak» izateak eta etxebizitza garestitzeak zaildu egiten dute prozesu hori, Gazteen Euskal Behatokiak gaur Bilbon aurkeztutako Emantzipazioaren giltzak Euskadin txostenak adierazten duenez. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak egindako kalkuluaren arabera, 18 eta 34 urte arteko langile batek bakarrik emantzipatu nahi izanez gero, hileko soldata garbiaren %64,2 erabili behar luke hipotekaren lehen kuota ordaintzeko; eta alokairua pagatzera, berriz, ordainsariaren %52,4 bideratu behar luke.

«Familia etxetik goiz ateratzea zailtzen duten faktoreei buruzko ikuspegi sintetikoa» ematen du txostenak, Xabier Legarreta Jaurlaritzako Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuordeak esan duenez. Erantsi du gazteen emantzipazioa «lehentasun estrategikoa» dela sailean, baina datuak ez dira onak: Jaurlaritzak helburu gisa ezarria du 2030erako gazteen emantzipazio tasa %50era hurbiltzea, baina azken urteetako beheranzko joerari buelta eman beharko lioke; 2024an 18 eta 34 urte artekoen %32,3 baino ez baitzeuden emantzipatuta. Tasa oso baxua da 18 eta 29 urteen artean, %17,2koa, eta altuagoa 30 eta 34 urteen artean, %71,5.

Bikotekidearekin gehienak

Emantzipatzen direnean, alokairua hobesten dute 30 urtetik beherakoek, eta etxea erostea lehenesten dute 30etik gorakoek. %60,8 bikotekidearekin bizi dira, bakarrik nabarmen garestiagoa baita etxe bat lortzea. «Emantzipazio aukeretan pisu erabakigarria du etxebizitza merkatuaren egoerak», berretsi du Adrian Lopez Saratxaga Jaurlaritzako Gazteria eta Emantzipazio zuzendariak, azken urteetan nabarmen igo baitira hipoteken eta alokairuen prezioak. Jaurlaritzaren datuen arabera, iaz 245.259 euro zen etxebizitzaren batezbesteko salneurria, eta 819 alokairuaren prezioa.

37.306

Etxebiden eginiko eskaerak. Gazteen Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, 18 eta 24 urte arteko 58.000 lagunek adierazi dute lehen etxea behar dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iaz, 37.306 gaztek eskatu zuten bizitoki bat Eusko Jaurlaritzaren Etxebide programan.

«Salmenta prezioen igoerak eta interes tasen igoerak berekin ekarri dute hipoteka kuoten batezbestekoa ere igotzea», onartu du. Hala, bakarrik emantzipatu nahi duten gazteek euren diru sarreren ia bi heren erabili behar dituzte hipoteka ordaintzeko. Saratxagak gogora ekarri du bankuek kreditu bat ematean soldataren %30ean jartzen dutela gehienezko zorpetze muga.

Emantzipazioa zailtzen duen beste faktoreetako bat baita soldata. Azken urteetan gazteen enplegu tasak «etengabe» gora egin duen arren, ordainsari txikiak jasotzen dituzte: batez beste, hilean 1.564 euroko soldata garbia kobratzen dute; 16 eta 29 urte artean, berriz, 1.381era jaisten da zenbatekoa. «Emakume gazteek gizonek baino soldata txikiagoak dituzte; etxebizitza eskuratzeko kostu handiagoak hartzera behartzen ditu horrek», zehaztu du Lopezek. Halere, emantzipazio tasa handiagoa da emakumeen artean (%34,9) gizonen artean baino (%29,9).

Ondorioak buru osasunean eta gurasotasunean

Emantzipazioa atzeratzeak dituen beste ondorio batzuk ere aztertu dituzte txostenean. Batetik, buru osasunari erreparatu diote: «ondoez emozionala» antzeman dute urtebeteren buruan emantzipatu ezingo diren gazteen artean. Bestetik, gurasotasunari eta jaiotza tasari begiratu diote: etorkizunean seme-alabak izan nahi dituzten gazteek 30 urte ingururekin izan nahi lukete guraso, baina 15 eta 29 urte artekoen %32k uste dute ez dela posible izango edade horretan.

Txosteneko datuak politika publikoetan eragitera bideratuko dituztela ondorioztatu du Lopezek: «Euskal gazteek politika ausartak eta eraldatzaileak merezi dituzte». Bide horretan, gogora ekarri dute Jaurlaritzak bi ildo nagusi dituela martxan gazteen emantzipazioa bultzatzeko. Iaz Emantzipa laguntzak abiatu zituzten 25 eta 29 urte arteko gazteentzat: iaz 6.000 eskaera baino gehiago jaso zituzten, eta aurten 3.000ra iritsi dira; datorren urtean, berriz, laguntzak eskatzeko gutxieneko adina 23 urtera jaitsiko dute. Horrez gain, Gazteaval programaren bidez, lehen etxebizitza erosten duten 40 urtetik beherakoei abalak pagatzen laguntzen die Jaurlaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.