Beste epai bat euskara eskakizunen kontra: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Donostiako Udaleko digitalizazio kartografikoko bi udal teknikari postutarako ezarritako euskara eskakizuna; euskaraz B2 maila izatea eskatzen zuten. Epaia ez da irmoa, eta helegitea jartzeko aukera dago.
Lan deialdira aurkeztu asmo zuen pertsona batek ireki zuen auzibidea. Hasieran, Donostiako administrazioarekiko auzien epaitegiak hizkuntza eskakizunen alde egin zuen; izan ere, bi teknikarik baino ez dituzte egiten lan horiek, eta ebatzi zuen herritarrek euskaraz egiteko eskubidea ez zatekeela bermatuta egongo horietako bat falta izanez gero.Â
Proportzionaltasun falta
Alabaina, salatzaileak EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jotzea erabaki zuen, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa zela iritzita; orain, auzitegi horrek arrazoia eman dio. Epaitegi horren arabera, lan deialdi batean postu guztietarako edo ia guztietarako euskara eskatzeak «ez ditu bateragarri egiten erabiltzaileek arta euskaraz jasotzea eta euskara erabiltzea batetik, eta hizkuntza hori ez dakiten hautagaiek lanpostu publikora sartzeko duten eskubidea bestetik».
Gainera, zera dio: administrazioak ez duela frogatu zergatik den ezinbestekoa lanpostu horietan arituko diren langileek euskara jakitea herritarrei nahi duten hizkuntzan arta emateko. Are: «Lan deialdi horretan euskara ez da eskatu arrazoizko eta proportzionaltasun irizpideetan bermatuta». Eta gaztelera soilik dakiten hautagaiak bazter uztea deitoratu du.
Ertzaintzan, eskakizunen alde
Auzitegi berak, ordea, Ertzaintzako euskara eskakizunaren aldeko epai bat berretsi du. El Correo egunkariak zabaldu duenez, aurretik Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 2. Epaitegiak emandako ebazpena babestu du EAEko Auzitegi Nagusiak. Kasu horretan, halere, postu guztietan ez zen euskara maila egiaztatu behar. Epai hori ere ez da irmoa: salatzaileak Espainiako Auzitegi Gorenera jo dezake.
Ertzaintzaren 31. promozioko prozesu bat inpugnatu zuen hautagai batek: bertan eskaini zituzten 424 postuetatik 279tan egiaztatu behar zen euskararen ezagutza tokia eskuratu ahal izateko, baina 145 postuk ez zeukaten derrigortasun datarik, alegia, aurrerago egiaztatu ahal izango zuten hizkuntza maila. Epaiketak horixe izan du kontuan: euskaraz ez dakiten hautagaiek postu asko dituztela. Ildo horretan, hizkuntza eskakizunak «neurrigabeak» direla ere alboratu du sententziak, hizkuntzen koofizialtasunetik eratorritako betebeharren araberakoak direlakoan.