CCOOk Gipuzkoako Diputazioaren hizkuntza eskakizunen izaera «baztertzailea» salatu du

Sindikatuak jakinarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duela «diskriminatzailea» dela Gipuzkoako aterpetxeetan lan egiteko euskara maila jakin bat eskatzea; sententzia martxokoa da, baina gaur egin dute publiko.

LAB - Euskara eskakizunen aurkako epai baten harira egindako protesta, Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Euskara eskakizunen aurkako epai baten harira egindako protesta, Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko maiatzaren 26a
11:32
Entzun 00:00:0000:00:00

Beste epai bat euskara eskakizunen aurka. CCOO sindikatuak jakinarazi duenez, EAEko Justizia Auzitegi nagusiak berretsi du «legez kontrakoa» eta «diskriminatzailea» dela Gipuzkoako aterpetxeetan lan egiteko euskara maila jakin bat eskatzea. Sindikatuaren arabera, hamabost lanpostu egonkortu asmo zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta guztiek zuten jarria euskara eskakizuna. Epaitegiak erabaki du horrek urratu egiten zuela «lanpostuak baldintza berberetan lortzeko eskubidea». Epaia ez da berria, martxokoa baita, baina gaur egin du publiko sindikatuak.

Iazko urrira egin behar da atzera auzia ulertzeko. Orduan, Donostiako epaitegi batek ebatzi zuen «neurriz kanpokoak eta diskriminatzaileak» zirela Gipuzkoako aterpetxeetako garbitzaileei jarritako euskara eskakizunak. Alta, Gipuzkoako Foru Aldundiak berehala iragarri zuen helegitea jarriko zuela. Izan ere, Irune Berasaluze bozeramaileak orduan esan zuenez, erakundeak beti defendatuko ditu herritarren hizkuntza eskubideak, baita arloan dituen konpetentziak ere: «Gure egitekoa da eskaintzen ditugun zerbitzu publikoen erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzea, eta hori egiteko konpromisoa dugu, Gipuzkoako gizarteak eskatzen digun bezala». Azken epaiarekin EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berriro ere ezetsi egin ditu euskara eskakizunak. Eta CCOOk Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu du ohar batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.