EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du adingabeekin Internet bidezko hurbiltze sexualak izateagatik lau urte erdiko kartzela zigorra jarri zioten Irungo irakaslearen helegitea. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak apirilean eman zuen epaia; haren arabera, frogatuta gelditu zen gizona hiru ikasle adingaberekin harremanetan jarri zela sare sozialen bidez eta eduki sexualeko iruzkinak egiten zizkiela ikasleei.
Horren ostean, irakasleak errekurtsoa aurkeztu eta absoluzioa eskatu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, baina hark lehen epaia berretsi du. Alegazioetan, irakaslearen abokatuak argudiatu zuen Gipuzkoako auzitegiak ez zituela behar bezala kokatu egoerak, elkarrizketa guztiak «lagunarteko giro txantxazalean» egin zirelako ikasleen eta irakaslearen artean: «Irakasle gandordun bat, punki itxurakoa, eta axolagabe samarra ere bai agian».
Errekurtsoan, elkarrizketa horiek «gaitzesgarriak» izan zitezkeela aitortu zuen abokatuak, «sexu konnotazioak zituztelako», baina gehitu zuen irakasleak ez zuela inoiz izan ikasleekin «sexurik edo halakorik» lortzeko asmorik «txantxetatik harago», eta, beraz, ez zuela deliturik egin.
Behar adina froga
Justizia Auzitegi Nagusiak, ordea, ebatzi du badaudela epaia berresteko adina froga. Frogatutzat jo ditu, beraz, egotzi zizkioten delituak: hiru ikasle adingaberi diruaren edo oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egin izana, Internet bidezko hurbiltze sexualeko bi delitu, exhibizionismo delitua eta baldintzapeko mehatxu arinen delitua.
Horregatik, irakasleak lau urte eta erdiko kartzela zigorra bete beharko du. Ez hori bakarrik: hogei egunez une oro lokalizatzeko moduan egon beharko du, sexu jazarpen delitu arinagatik, eta, behin zigorra beteta, lau urtez zaintzapean aske egon beharko du. Epaia ez da irmoa, eta Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko aukera du akusatuak.

