Lau urteko kartzela zigorra ezarri diote Irungo irakasleari, Internet bidezko hurbiltze sexualagatik

Epailearen arabera, frogatuta gelditu da gizona hiru ikasle adingaberekin harremanetan jarri zela sare sozialen bidez eta eduki sexualeko iruzkinak egiten zizkiela ikasleei.

Irungo ikastetxe bateko irakaslearen aurkako epaiketa, martxoaren bukaeran, Donostian. EFE
Irungo ikastetxe bateko irakaslearen aurkako epaiketa, martxoaren bukaeran, Donostian. EFE
Isabel Jaurena.
2026ko apirilaren 23a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio Irungo irakasle bati, Internet bidezko hurbiltze sexualak izateagatik adingabeekin. Kartzela zigorra betetzeaz gain, hogei egunez une oro lokalizatzeko moduan egon beharko du, sexu jazarpen delitu arinagatik eta, behin zigorra beteta, lau urtez zaintzapeko askatasunean egon beharko du. Zera leporatzen zioten: hiru ikasle adingaberi diruaren edo oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egin izana, Internet bidezko hurbiltze sexualeko bi delitu, exhibizionismo delitua eta baldintzapeko mehatxu arinen delitua. Horiengatik guztiengatik fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen gizonarendako. 

Gertakariok 2023-2024ko ikasturtean jazo ziren: ordu hartan gizona Irungo bigarren hezkuntzako institutu bateko irakaslea zen. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, baina, 2018an hasi zen irakaslearen gaineko jarraipena egiten, zertaz eta bertze ikastetxe bateko ikasle batzuekin «jokabide desegokiak» izan zituelako. Hortaz, ikastetxe hartan funtziotik eten zuten aldi batez. Eta joan den martxoaren 24an iritsi zen kasua epaitegietara: lehenbiziko egunean hezkuntzako ikuskatzaileak, ikastetxeko bi irakaslek, zuzendariak, kasua hurbiletik ikertu duen ertzain batek eta ikasle batzuek deklaratu zuten; eta bigarrenean, berriz, gizonak berak, ikasle batek eta bi irakaslek.

Lehenbiziko saioan lekukoek berretsi zuten gizonak erabiltzaile faltsu bat sortu zuela Instagramen, eta kontu horren bidez eduki sexualeko iruzkinak egiten zizkiela ikasle batzuei. Hori bera frogatuta gelditu dela dio epaiak; are, epaitegiaren erranetan, irakasleak ikasleekin izandako elkarrizketa horietatik bitan «proposamen larriak» egon ziren, baina ez ziren aurrera eraman, bertzeak bertze, ikastetxeak horien berri izan zuelako. Informazio horien berri izateko froga digitalek izan duten garrantzia nabarmendu du auzitegiak, eta baita ikasleen zein ikastetxeko profesionalen testigantzek ere. 

Epaiketan, biktima gisa mintzatu zen gizona une oro, eta zera erran zuen haren defentsak: «Laguntasun harreman bat baino ez zegoen akusatuaren eta ikasleen artean. Uste dut nahastu egin zela ikasleen lagun izatearekin, baina ez zuen inolako asmo txarrik». Epaiak, baina, ez ditu onartu argudio horiek: «Ez ziren adingabeak hurbilpen fisikoa nahi zutenak, gizona baizik, eta hurbilpen hori ez zen inolaz ere neutrala edo kaltegabea, baizik eta helburu argi batez egina: bidea prestatzea gero neskatilekin sexu harremanak izateko».

Hortaz, epaiaren arabera, frogatuta gelditzen da gizonak bi adingaberekin izan zituen hartu-emanetan child grooming delitua —Internet bidezko hurbiltze sexualak adingabeekin— izan zela. Izan ere, ikusi ahal izan dute gizonak berak eman ziela adingabeei bere erabiltzaile faltsuaren berri, eta bera zela horiekin elkarrizketak izatea sustatzen zuena, «helburu sexual argiekin».

Jazarpen eta mehatxu delituak

Jazarpen delitu arinagatik ere zigortu dute, adingabeetako batekin izandako harremanengatik: aipatutako elkarrizketak izateaz gain, non bizi zen errateko ere eskatu zion. Baldintzapeko mehatxu arinen delitua ere ezarri diote; izan ere, bere jardunaren berri ematen zuten pantaila argazkiak zeudela jakitun, ikasleei erran zien horiek ezabatzeko, «legez kanpokoak» izan zitezkeela argudiatuta. Fiskaltzak errandakoaren bide beretik, epaiak dio hori guztia ikasleak «beldurtzeko» egin zuela, haiek informazio hori guztia ezabatu zezaten.

Diruaren edo oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egin izanagatik hiru delitu egozten zizkioten, baita exhibizionismo delitu bat ere. Ordea, epaileak adierazi du ez dagoela froga nahikorik hori horrela izan zela ziurtatzeko.

Sei urteko zigorra, bortxaketagatik

Nafarroako Probintzia Auzitegiko 2. atalak, berriz, sei urteko eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, bikotekidea bortxatu eta mehatxatzeagatik. Emakumea Iruñerrikoa da, eta erasoa Valentzian izan zen, 2021eko ekainean. Kartzela zigorra betetzeaz gain, 11 urtez gizona ezin izanen da emakumearekin mintzatu edo harengandik 300 metro baino gutxiagora egon. Gainera, bortz urtez zaintzapeko askatasunean egon beharko du, eta emakumeari 225 euro ordaindu beharko dizkio zauriengatik, eta 10.000 euro kalte moralagatik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA