Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle gehienek jarrera irekia eta inklusiboa dute immigrazioarekiko. Gehien-gehienek normaltasunez eta gatazkarik gabe onartzen dute egiturazko fenomeno bat dela, eta ez dute ikusten immigrazioa arazo edo gatazka iturri moduan. Are gehiago, lau herritarretik hiruk uste dute immigrazioa faktore positiboa dela gizartearentzat, beharrezkoa delako garapen ekonomikoari eta biztanleriaren zahartzeari aurre egiteko.Â
Egoera irregularrean dauden immigranteak erregularizatzea begi onez ikusten dute galdetutakoen %85,5ek, eta %80k baino gehiagok babesten dute, legez edo legez kanpoko egoeran izanda, eskubide berdinak izan behar dituztela, esaterako, osasun eta hezkuntza zerbitzuei dagokienez. Oraindik babes handiagoa du asilo eskatzaileenganako atxikimenduak: hamar pertsonatik ia bederatzi daude nazioarteko babesa eskatzen dutenei ateak irekitzearen alde. Familia erreferenterik gabeko atzerriko adingabeei dagokienez, biztanleriaren hiru laurden daude bizi baldintza egokiak bermatzearen alde.
Horiek dira Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren 2025eko barometroak jasotzen dituen ondorioetako batzuk. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Ikuspegik aurkeztu dute, gaur, Gasteizen. 2007tik urtero plazaratzen dute azterlan hori, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek migratzaileei buruz dituzten iritziak, pertzepzioak, balioak eta jarrerak neurtzeko.
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak egin du datu horien interpretazioa: «Ñabardurak eta eztabaidak gorabehera, Euskadik apustu argia egiten du bizikidetzaren, eskubide berdintasunaren eta aniztasunaren kudeaketa ordenatu eta bermatzailearen alde». Julia Xerxneva Ikuspegiko zuzendariak, bestalde, ohartarazpena egin du: «Gaur aurkezten ditugun datuek lasaigarriak diruditen arren, ezin diogu erne egoteari utzi».
Azterketa horrek oinarri ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren 18 urtetik gorako pertsonei 2025eko martxoaren 11tik 27ra bitartean egindako etxez etxeko seiehun elkarrizketa presentzial. Datuek erakusten dutenez, herritar gehienek immigrazioarekiko jarrera irekia eta inklusiboa dute, iazko joeran berretsitako bidean, baina irekitasun eta onarpen adierazleak hobexeagoak direla azpimarratu dute txostenaren egileek.
«Ñabardurak eta eztabaidak gorabehera, Euskadik apustu argia egiten du bizikidetzaren, eskubide berdintasunaren eta aniztasunaren kudeaketa ordenatu eta bermatzailearen alde»
NEREA MELGOSAÂ Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua
Izan ere, gaur azaldu dutenez, aurten immigrazioarekiko irekitasun indizea —herritarren jarrera orokorra laburbiltzen du— 65,86 puntukoa da. Azaldu dutenez, bi puntu baino gehiago igo da 2024an erregistratutako 63,54 puntuekin alderatuta. Ondorioz, datu horiek «jarrera inklusiboagoetarako joera sendotzen du».
Soslaien azterketak hiru talde edo joera nagusi bereizten ditu biztanlerian, irekitasun mailaren arabera: talde irekia —herritarren %54,2 biltzen ditu, eta 75,63 puntu ditu batez beste—; talde anbibalentea (%33,7) eta talde gaitzeslea (%12,2).
Egiturazko fenomenoa
Ikuspegiren barometroak berretsi du immigrazioa egiturazko fenomenotzat hartzen dela EAEn, eta ez, beraz, gatazka iturritzat. Hamar pertsonatik bederatzik (%90) uste dute datozen bost urteetan migratzaileen etorrerak gora egingo duela. Bestalde, biztanleen %9,7k soilik aipatzen dute immigrazioa arazo nagusien artean, eta, galdera maila pertsonalean egiten denean, %2,7ra jaisten da zenbatekoa. Azaldu dutenez, datu hori inoizko txikiena da.
Fenomenoa normaltasunez hartzeaz gain, herritar gehienek uste dute immigrazioa faktore positiboa dela. Eta arrazoia zera da: immigrazioa giltzarria dela garapen ekonomikoari eta lan merkatuari eusteko, baita biztanleriaren zahartzearen erronkari aurre egiteko ere.
Eskubideak eskuratzeari dagokionez, hamar pertsonatik zortzik babesten dute erregularizazio moduren bat administrazio egoera irregularrean daudenentzat: %41,5 pertsona guztiak erregularizatzearen alde daude, eta %44,3k gutxienez lan bat dutenen alde egiten dute. Jarrera murriztaileenak —pertsona guztiak kanporatzea edo itzulera behartzea— oso gutxi dira.
Eskubideak eskuratzeari dagokionez, EAEko herritarren %84,7k uste dute arta sanitarioa baldintza berberetan bermatu behar zaiela pertsona guztiei, edozein dela ere haien administrazio egoera, eta %80,2k iritzi bera dute hezkuntzari dagokiola.
Prestazio ekonomikoei edo partaidetza politikoari lotutako eremuetan ñabardura gehiago azaltzen dira: %40,2k laguntza sozialetarako sarbide unibertsala babesten dute, eta %24,5ek boto eskubidea; biztanleriaren parte batek, berriz, eskubide horiek administrazio egoera erregularizatuarekin lotzen ditu —%49,3k laguntza sozialen kasuan eta %60,5ek bozkatzeko eskubidearen kasuan—.
Jarrera horiekin bat etorriz, hamar pertsonatik zazpiren arabera (%69,2), bertan eta atzerrian jaiotakoek eskubide eta betebehar berberak izan behar dituzte. %29,2, berriz, bertakoei lehentasuna ematearen aldekoak dira, jarrera horrek indarra galdu duen arren.
Kulturartekotasuna eta euskara
Aurtengo barometroaren datuetan oinarrituta, ondoriozta daiteke kulturartekotasunaren aldeko begirada nagusi dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldeetan. Lau pertsonatik hiruk (%75,5) uste dute immigrazioak aberastu egiten duela bizitza kulturala. Era berean, aurreko urteetan bezala, herritar gehienek uste dute integrazioak ahalegin bateratua izan behar duela, baina esfortzu hori batez ere etorkinek egin beharko dutela diote. Aurtengo datuek berresten dute azken hamarkadan antzeman den bizikidetza giro positiboa.
Etorkinen etorrerak euskararen erabileran izango duen eraginari dagokionez, %23k uste dute euskararen garapena geldiaraziko duela eta oso antzeko kopuruak dio immigrazioak murriztu egingo duela euskararen erabilera gaur egun nagusi den eremuetan. Iaz uste horretan antzeman zen goranzko joera hori berretsi dute aurtengo datuek. Portzentajea murritzagoa da (%15,8) euskal identitatearen galera ekarriko duen edo euskal nazionalismoaren nahiak geldiaraziko dituen (%15) galdetuz gero.