EAJ eta EH Bildu, inoiz baino hurbilago

Herritarrek alderdi baten edo bertzearen alde egiteko duten joera aldatu egin da azken urteetan. Jarrera horiek islatuta geratu dira Eusko Legebiltzarrerako bozen emaitzen bilakeran.

Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 23a
14:30
Entzun

Ereduen arteko lehia estua izan da hauteskunde biharamuneko mintzagai nagusia, bi faboritoak ia aurrez aurre baitaude lehenbizikoz. PSE-EEren emaitzek, ezker konfederalaren gainbeherak edo eskuinaren presentziak ere lekua izan dute hauteskundeen biharamuneko interpretazioetan. Baina nola aldatu da botoa azken urteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan? Zein alderdi mantendu da? Zeinek galdu du presentzia, bertze baten mesedetan? Galdera horien erantzunak boto portzentajeetan daude, horien bilakaeran, zehazki.

Azken lau hauteskundeetako emaitzak aztertuta, EAJren hegemoniari lehiakide zuzen bat atera zaio igandeko emaitzen ostean. Duela lau urte, 100.000 boto atera zizkion EH Bilduri, eta aurten 28.800 boto inguruko diferentzia bertzerik ez dute. Jeltzaleen botoen bilakaerari dagokionez, 2016ko emaitzetara gerturatzea izan dute xede –398.168 boz, botoen %37,6–. Aldiz, 2020an baino boto gehiago lortu badituzte ere, boto portzentajean %34,87n geratu dira.

Koalizio subiranistak, berriz, inoizko emaitza onenak izan ditu aurten: botoen %32,48. 2012an aurkeztu zen koalizioa lehenbiziko aldiz, ilegalizazioaren garaiaren ostean; botoen laurdenak pilatu zituen orduan, eta gainbehera handia izan zuen hurrengo bozetan –ia hiru puntukoa–. Goranzko joera izan du geroztik, eta, EAJren kasuan ez bezala, aurten ere jarraitu egin du joera horrek, 90.000 boto gehiago lortuta.

Sozialistei dagokienez, emaitzak hobetu dituztela izan da titular guztietara iritsi den ideia. Ordea, baieztapen hori ez da guztiz zuzena: 2020ko bozekin alderatuta, puntu erdiko igoera dago haien boto portzentajeetan, baina azken urteetan beheranzko joera nabarmena zeramaten, eta aurtengoak ez du konpondu 2012an hasi zen higadura. Zehazki, igandeko emaitzak txarrenen artean laugarrenak izan dira PSE-EErendako, 2020koen, 2016koen eta 1980koen atzetik.

Gainerakoak, beherantz

Ezker konfederala banatuta aurkeztu zen hauteskundeetara, eta erabaki horrek ez die mesede handirik egin. Batez ere Elkarrekin Podemosi: 23.679 boto lortu dituzte moreek, %2,25. 2016an lortu zuten Eusko Legebiltzarrean lekua lehenbizikoz, eta botoen %14,8 lortu zituzten, 11 eserlekurekin. Geroztik, baina, maldan behera hasi eta ez dira gelditu: 2020an botoen %8 lortu zituzten, eta aurten ez dira legebiltzarrera ere iritsi. Sumar izan da hauteskunde hauetako izan berria, eta zerbait lortuko zuten zalantza airean egon da kanpaina guztian zehar. Bada, leku bat lortu dute: hiru herrialdeetan, 35.092 boto lortu dituzte, bozen %3,6. Hiru herrialdeetan Elkarrekin Podemosen aurretik jarri da, eta puntu baten aldea baino gehiago atera dio. Bi horiek elkarrekin aurkeztu izan balira, bertze bi eserleku izanen lituzkete, sozialistek eta jeltzaleek osatu dezaketen gehiengo osoaren kaltetan.

PP gain behera zebilen 2005etik, urtero boto gutxiago izaten baitzituen. Aurten, baina, joera hori gelditu dute: orain lau urte baino bi puntu eta erdi gehiago lortu dituzte. Dena den, 2020ko hauteskundeak kontuan hartu gabe, 1994. urtetik izan dituzten emaitzarik okerrenak dira aurtengoak. Voxen ibilbide laburra aztertuta, azken hauteskundeetako ia emaitza berak lortu dituzte aurten ere, eta horrek modua eman die eserlekuari eusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.