sortu-ren erregistroa

EAJ ez da izango Sorturen legeztatzea eskatzeko manifestazioan

Larunbatean izango da martxa, Bilbon, Gernikako Akordioak deituta. "Hauteskunde bezperetan beste marka politiko baten ekitaldi batera joatea kontraesana litzateke", esan du Egibarrek. Otsailaren 19rako herritar talde batek antolatutako manifestazioan ere ez zen izan EAJ.

2011ko martxoaren 29a
15:18
Entzun

Joseba Egibar EAJren Gipuzko Buru Batzarreko presidente eta Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak jakinarazi du bere alderdia ez dela larunbat honetan Sorturen legeztatzea eskatzeko manifestazioan izango. Gernikako Akordioak antolatu du martxa. Bilbon izango da (Casilla, 17:30), Euskal Herriarentzat normalizazioa. Legalizazioa orain! lelopean.

"Hauteskunde bezperetan beste marka politiko baten kanpainaurreko ekitaldi batera joatea kontraesana litzateke", esan du Egibarrek gaur, Radio Euskadin.

Gernikako Akordioko sinatzaileek joan den ostiralean egin zuten deia, Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu ez erregistratzeko erabakia hartu eta bi egunera.

Otsailaren 19an ere ezker abertzalearen legeztatzearen aldeko manifestazioa izan zen Bilbon, herritar talde batek antolatuta. Jendetza batu zen. EAJk ez zuen parte hartu. Dena dela, haren kargu instituzional batzuk izan ziren ekimenean; Mikel Martinez eta Iñigo Iturrate eusko legebiltzarkideak, esaterako.

Irailaren 25ean aurkeztu zuten Gernikako Akordioa hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek; besteak beste, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, ABk eta LABek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.