Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko eledunak adierazi du Pedro Sanchez PSOEren gobernuburugaiaren inbestidura Gabonen osterako uzteak egoera konplika lezakeela, eta, horregatik, izendatze saioa “albait arinen” egiteko eskatu du. PSOEk eta UPk akordio bat egina dute, baina ez dira gehiengo osora iristen eta beste talde batzuekin hizketan ari dira. Atzo, esaterako, PSOEk ERCrekin izan zuen bilera.
ETB1en Egun On Euskadi saioan egin dioten elkarrizketan Estebanek aitortu du EAJ PSOErekin hitz egiten ari dela, baina bere alderdiak ez duela elkarrizketa horien edukia argitu nahi izan. Edozein kasutan, esan du Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentzia ez dutela baldintza gisa planteatu Sanchezen hautagaitza babesteko. Gogoratu du, baina, EAEko Estatutua lege organiko bat dela eta derrigorrez bete beharra dagoela.
Estebanek adierazi du “Euskadirekin zerikusia duten gaiak norantz joango diren" argitu behar duela Espainiako gobernu berriak. Dena dela, uste du metodologia edo “jarduteko modua” bermatu behar direla erabakiak hartzeko orduan, “azken momentura arte itxaron beharrik ez izateko”.
Voxek 50 diputatu baino gehiago ditu —52—, eta, beraz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo dezake parte sartzera. Ondorioz, EAJko diputatuak iragarri du “eztabaida gogorrak” emango direla Gorteetan, Ciudadanosekin izandakoak edo iraganean PPrekin izandakoak bezalakoak.