EAJk Alderdi Egunean abiatuko du kanpainaurrea

Ekonomia krisia, bakea eta bizikidetzaren normalizazioa eta estatus politikoa izango dira ildo nagusiak

Belen Greaves, atzo, Alderdi Eguneko kartelarekin. L. JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Izan garelako izango gara lelopean, Alderdi Eguna egingo du EAJk igandean Forondan (Araba), eta, bide batez, Espainiako hauteskunde orokorretako kanpainaurreari ekingo dio. «Herri gisa ditugun erronkak direla eta, itxaropen eta ilusio mezuarekin joango gara hauteskundeetara, baina baita ardura eta seriotasun mezuarekin ere», adierazi du Belen Greaves EAJko EBBko idazkariak Bilbon eginiko agerraldian.

Aurtengoa 34. Alderdi Eguna izango da, eta, Greavesek azaldu duenez, hiru izango dira jorratuko dituzten gai nagusiak, hain zuzen, hauteskunde kanpainari begira landuko dituztenak: «Krisi ekonomikoa, bakea eta bizikidetzaren normalizazioa eta Euskadiren nazio aitorpena».

Greavesen hitzetan, ekonomia krisia dela-eta, «Espainiako Estatuari dagokionez, ez dugu ikusi ikusteko dagoen guztia». Horrela, 800.000 milioi euroko zorra eta langabezia «irtenbide zaileko binomio» direla azpimarratu du, eta PPri eta PSOEri akordio bat lortzeko ezintasuna egotzi die. Bestalde, EAJk krisi ekonomikoari «erantzunkizunez» aurre egingo diola baieztatu du: «Ez gara alderdi berri bat, urte asko daramatzagu lanean, erakunde asko kudeatu ditugu, eta arazoei konponbideak eskaintzeko gai garela erakutsi dugu».

Bakea eta bizikidetzaren normalizazioa izango da EAJren bigarren erronka. Greavesek gogoratu du ez dela helburu berria, eta adierazi du alde horretatik kalkulu politikorako tokirik ez dagoela. «Bakearekin ezda jolasten», nabarmendu du EBBko idazkariak.

«Euskadi munduan kokatzeaEuropako beste nazio bat bezala. Euskadirentzako estatus politiko berria lortzea», hori da, Greavesen arabera, EAJren hirugarren erronka. Era berean, EAJk beti «Euskadiren interesak konplexurik gabe» defendatu dituela adierazi du, eta aurrerantzean ere hala egingo duela ziurtatu du.

Aurtengo Alderdi Eguneko leloa aukeratzeko, On Joxe Migel Barandiaranen hitzetan oinarritu dira, EAJren izaera adierazten duelakoan. Horrela, erronka eta jokaleku berrien aurrean erantzuten jarraituko dutela azaldu du Greavesek: «Uste dut euskal gizarteak badakiela gure alderdiak, euskal nazioaren alderdiak, ez diela erronkei inolako beldurrik».

Eskumen gehiago

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako beste zazpi eskumen lortu nahi dituztela azaldu du Greavesek. Zehazki, A-68 eta A-1 autobideetako ordainketa kudeaketa, farmazia produktuen legedia, turismo arloko funtzioak, segurtasun pribatua, Soldatak Bermatzeko Funtsa (Fogasa), trenbideak eta eskola aseguruak. Azken biekin zailtasunak dituztela aitortu du EBBko idazkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.