EAJk agerraldi bat egin du gaur Gipuzkoako zenbait herritako udaltzainek Guardia Zibilak Intxaurrondon (Donostia) duen kuartelean eginiko formakuntza ikastaroen auziarekin lotuta. Jeltzaleek Andoain, Pasaia eta Tolosan dituzten udal taldeetako bozeramaileak —oposizioan daude— batera azaldu dira EH Bilduren udal gobernuei eskaera bat egiteko: behingoz azaldu dezatela udaltzainak zergatik joan ziren Intxaurrondora Ertzaintzak eskaintzen dituzten ikastaroetara joan beharrean.
Imanol Goenaga (Andoain), Xarles Iturbe (Tolosa) eta Loreto Osa (Pasaia) hautetsi jeltzaleek adierazi dutenez, «EH Bilduk gobernatutako udalerrietako udaltzainek Intxaurrondora jo izana, armekin eta segurtasunarekin lotutako gaietan prestakuntza jasotzera, Ertzaintzari, Arkauteri eta Euskal Poliziaren ereduari egindako mespretxua da». Gogorarazi dutenez, hilaren hasieran informazioa zabaldu zenean, hiru udalerri horietako alkateei azalpenak eskatu zizkieten, baina «oraindik ez dugu azalpen sinesgarririk jaso». Haien iritziz, ez da onargarria EH Bilduko gobernuek «erabaki tekniko huts gisa» aurkeztu izana. Era berean, alkateen jarrera kritikatu dute, Intxaurrondora joatearen erantzukizuna udaltzaingoetako profesionalen gain utzi dutelako. Izan ere, argudiatu dutenez, alkateek dute «udaltzaingoen buruzagitza gorena», eta, hortaz, «azaldu behar dute nork erabaki zuen jarduera horietan parte hartzea, nork baimendu zuen edo zergatik ez zuten eragotzi».
Polemika hilaren hasieran sortu zen: Gipuzkoako EAJren zuzendaritzak (GBB) salatu zuen Tolosako eta Andoaingo zenbait udaltzainek tiro praktikak egin zituztela Guardia Zibilak Intxaurrondon (Donostia) duen kuartelean. EAJk gaitzetsi zuen praktika horiek egitera Guardia Zibilarengana jo izana, eta gogorarazi zuten Ertzaintzaren Arkautiko akademian ere jaso zitzaketela. Andoaingo eta Tolosako alkateek onartu zuten haien udaltzainek ikastaro horietan parte hartu zutela, baina azaldu zuten formakuntzaz arduratzen diren udaltzainburuen erabakia izan zela, hau da, alkateek ez zutela horren berririk izan, eta erabaki hori, gainera, ez zutela babesten. Gerora azaldu zen Pasaiako udaltzainek ere parte hartu zutela ikastaro horietan.
Euskal segurtasun eredua babesteko mozioa
Auzia argitzeko asmoz, joan zen astean Andoain, Tolosa eta Pasaiako EAJren ordezkariek informazio eskaerak aurkeztu zituzten hiru udal horietan. Gaur eskaera hori bera publikoki plazaratu dute: «Jarduerei, haien edukiei, datei, parte-hartzaileei eta emandako baimenei buruzko informazio osoa eskatzen dugu». Goenaga, Iturbe eta Osaren esanetan, «kolore politiko bereko alderdiak gobernatutako hiru udalerritan gertatu denez, ezin da hutsegite puntualtzat hartu; jokabide eredu baten aurrean gaude». Halaber, jakinarazi dute Gipuzkoako udal guztietan mozio bat aurkeztuko dutela «euskal poliziaren ereduari babes osoa adierazteko eta euskal segurtasun eredua berresteko».
EAJk ez ezik, ELA eta LAB sindikatuek kritikatu zuten udaltzaingoak Guardia Zibilaren eskutik formakuntza jaso izana. ELAren ustez, horrek «estatuko segurtasun indar eta kidegoak zuritzea eta normalizatzea» dakar. Norabide berean, LAB sindikatuak jokaera hori gaitzetsi zuen, eta «beharrezko neurriak hartzeko» eskatu, horrelakorik berriz gerta ez dadin. LABek, baina, erantsi zuen Andoaingo eta Tolosako udaltzainek ez ezik, EH Bilduren gobernuak ez dituzten beste udal batzuetako udaltzainek ere parte hartu izan zutela Guardia Zibilak emandako «arma erregelamenduari buruzko prestakuntza ikastaro batean». Donostia, Eibar eta Hondarribia aipatu zituzten.