Espainiako Gobernuaren neurri ekonomikoak. Euskal Herriko alderdien erantzuna

EAJk «autogobernuan» oinarrituta erantzungo die Raxoiren neurriei

Urkulluk salatu du neurri horien atzean «zentralismo politiko eta instituzionalerako itzulera onartezin bat» ezkutatzen delaKontzertu Ekonomikoaren Batzordea berehala biltzeko eskatu dio Jaurlaritzari

EAJko buruzagiek ezohiko bilera egin zuten atzo, Espainiako Gobernuaren murrizketa plana aztertzeko. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren neurri ekonomikoei «erantzun politiko» bat eman nahi dio EAJk, «euskal autogobernua» oinarri hartuta. Autogobernuaren defentsan Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak batasunerako eta elkarlanerako deia egin ostean, «hitzetatik soluzioetara» pasatzeko unea iritsi dela erantzun du Iñigo Urkulluk. Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiako Estatuarekin duen «alde biko harremana» aldarrikatu du EBBko presidenteak, eta esan du EAJk ez duela onartuko «autogobernua urratzen duen neurririk». «Hartu diren neurrien atzean zentralismo politiko eta instituzionalerako itzulera onartezin bat ezkutatzen da», esan du. Alderdi jeltzalearen egoitzan, Sabin Etxean, eginiko agerraldi batean egin ditu adierazpenok EAJko lehendakarigaiak. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua defendatu du Urkulluk, hori baita, haren ustez, gaur-gaurkoz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioek Espainiako Gobernuaren neurriei aurre egiteko duten baliabiderik eraginkorrena.

Besteak beste, Urkulluk proposatu du Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa «berehala» biltzeko, eta adierazi du Espainiako Gobernuak ezarritako BEZaren igoerak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «ekonomia suspertzeko» balio izan dezakeela.

EAJko kideek «ezohiko» bilera egin zuten atzo, egungo egoera ekonomikoa eta Espainiako Gobernuaren murrizketa planaren ondorioak aztertzeko. Bilera horren ostean, Urkulluk hainbat proposamen aurkeztu zituen, Euskal Autonomia Erkidegorako eta Espainiako Estaturako.

Hauteskunde kutsuko agerraldia izan zen, eta Raxoiren gobernuaren neurrien inguruan Eusko Jaurlaritzak eta, bereziki, Patxi Lopez lehendakariak agertutako jarrera kritikatu du EAJko lehendakarigaiak. «Euskadin maldan behera jarraitzen dugu, eta gobernu honek ez du ekonomia biziberritzeko neurririk hartu», esan du. «Paralisi egoera» hori dela eta, Urkulluk adierazi du EAJk bere burua behartuta ikusi duela «ardura instituzionala» bere gain hartzera. Hori hala, «eta kaltea handiagoa izan ez dadin», Lopezi eskatu dio zorpetze neurriak berehala eteteko eta «bere burua goratzeko publizitate kanpainak» amaitzeko.

Horrekin batera, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa berehala biltzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, «aldebikotasuna mantendu eta defendatzeko» eta kupoaren kitapena ezartzeko —Urkulluren arabera, 500 milioi euro zor dizkio Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari—.

Beste proposamen bat ere, hirugarrena, egin du EAJko buruzagiak, Raxoiren gobernuak BEZ balio erantsiaren gaineko zerga igotzeko hartu duen erabakiarekin lotuta. Neurria kritikatu badu ere — «bidegabea» iruditzen zaiola esan du—, adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia suspertzeko balio dezakeela.

Urkulluk azaldu duenez, BEZaren tasa guztiak igotzeak ekarriko lukeen diru bilketa —haren ustez, 160 milioi euro EAEnaurten— erabil daiteke erakundeen arteko diru funts bat sortzeko. Bi helbururekin: barne kontsumoa bultzatzeko jarduerak martxan jartzeko eta enpresen aktibo zirkulatzaileari laguntzeko programak bizkortzeko. Urkulluren iritzian, diru funts horren sorrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioek adostuta osatu beharko litzateke, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan.

Espainiako Estatuari begira ere hainbat neurri proposatu ditu Urkulluk, estatuaren egitura «arintzeko» helburuarekin. Espainiako Senatua eta Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dituen ordezkaritzak kentzeko eskatu du; Espainiako segurtasun indarrak Euskal Autonomia Erkidegoak bereganatu dituen eskumenetara «egokitzeko» proposatu du, eta armada, Barne Ministerioa eta Errege Etxearen aurrekontuak murrizteko. Borondate politikoa badago neurri horiek «bizkor» har daitezkeela adierazi du, eta gogoratu du PPk eta PSOEk Espainiako Konstituzioa erreformatu zutela iazko abuztuan, estatuaren zorpetze gaitasuna handitzeko.

Horrekin batera, «iruzurgileen» aurkako borroka indartu behar dela adierazi du Urkulluk. Esan du EAJk babestuko dituela «finantza entitate jakin batzuetatik» sektorearen erreskatearen beharra ekarri duten pertsonen aurkako ikerketa eta ekimen judizialak.

Alderdi barrura ere begiratu du Urkulluk, eta esan du EAJren ordezkari instituzional guztiei eskatuko diela euren soldata murrizteko, hilabete bateko ordainsariari jasotzeari utzita. «Ez litzateke ulergarria izango herritarrei sakrifizioak eskatzea eta guk halakorik ez egitea», adierazi du Urkulluk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.