Delitugile berrerorleen zigorrak gogortzeko asmoz Espainiako Zigor Kodean egin nahi duten erreformarako txosten bat onartu zuten atzo. Juntsen proposamena zen, eta, denbora luzez ez aurrera ez atzera egon ostean, PSOEk aktibatu du; PPren eta EAJren babesaz, aurrera egin du lege proposamen bihurtzeko bidean. Joseba Diez Antxustegi EAJren legebiltzarkidea pozik azaldu zen atzo Espainiako Kongresuan ezohikoa den indar politikoen arteko akordio bat lortu dutelako. Â
Txosten horren oinarria Junts Kataluniako alderdiak iazko martxoan aurkeztutako proposamen bat da, tankera bereko delituak askotan egiten dituztenen zigorrak gogortzeko. Denbora luzez geldirik egon ostean, PSOEk keinua egin dio Juntsi, eta proposamena berreskuratu du. Atzo bozkatu zuten Espainiako Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordean. Onartutako agiriak PSOE eta PP alderdien sei zuzenketa jasotzen ditu.
Proposamen hori aurrera ateratzeko, PSOEk ezohiko bidaideak izan zituen. Espainiako Gobernuaren ohiko bazkide batzuk albo batera utzita, PSOEk PPrekin bat egin zuen. EAJ, UPN eta Vox ere batu ziren akordiora. Diez Antxustegik onuragarri iritzi dio Espainiako Kongresuan dagoen ohiko bloketik kanpo beste indar politikoekin akordioak egiteari: «Lubaki eta blokeen politikatik atera gaitezkeela erakusten du».
EAJko legebiltzarkideak Ser irratian nabarmendu zuenez, «herritarrek dituzten ardurei eta kezkei erantzuteko politika erabilgarria egin nahi badugu, hau da bidea». Erantsi zuenez, segurtasuna herritarren kezka nagusietako bat da, eta, hortaz, EAJrena ere bai.
Atzo onartu zuten txostena Zigor Kodea erreformatzeko lehen urratsa da. Justiziako Batzordean eztabaidatu ostean, espero da lege proposamena aurkeztea datorren urteko Kongresuko lehen osoko bilkuran.