EAJk bakarrik gobernatuko du Eusko Jaurlaritza

Eredu sozio-ekonomikoak urrundu du EAJ EH Bildutik: «Aldaketa erradikala planteatzen du», azaldu du MediavillakPSEtik, ez zaio «gobernatzeko era» gustatu; halere, itunen legealdia izatea espero du EAJk

Koldo Mediavilla EBBk arlo instituzionalerako duen arduraduna, atzoko agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Azken egunetan sumatzen zena atzo goizean aurreratu zuen Joseba Egibar GBBko presidenteak irratian, eta arratsaldean baieztatu zuen, ofizialki, Koldo Mediavilla EBBren Harreman Instituzionaletarako arduradunak: EAJk bakarrik osatuko du Eusko Jaurlaritza. Ez du inorekin gobernu koaliziorik egingo.

«Alderdiekin egindako bi bilera errondetan agerian geratu da ez dagoela behar bezalako baldintzarik gehiengo gobernua osatzeko», azaldu zuen atzo arratsaldean Mediavillak, EAJren zuzendaritza oraindik bilduta zegoela. Ez EH Bildurekin eta ez PSE-EErekin ez du gobernu akordioa egiteko nahikoa adostasun EAJk.

Mediavillak azaldu duenez, EAJ eredu sozio-ekonomiko eta instituzionalak urrundu du gehien EH Bildutik. Horixe izan da ados jartzeko «zailtasuna». «Eredu aldaketa erradikala planteatzen dute», adierazi du alderdiekin negoziatzeko taldean aritu denak. EAJko buruzagiaren esanetan, «EH Bilduren proposamenak ez du zerikusirik Euskadin azken hiru hamarkadatan ezagutu dugun ereduarekin, eta Europan ere ez du erreferentziarik».

PSE-EEtik, berriz, «gobernatzeko moduak» urrundu duela esan du. Jaurlaritza izan duen azken hiru urteetan ikusi duen gobernatzeko era desberdina dela EAJk duenaren aldean. Gainera, PSE-EEk legealdia «bere barne arazoekin» hasiko duela azaldu du, eta horrek ez liokeela mesede egingo partaide lukeen gobernuari. «EAJk planteamendu zehatza egin du hauteskunde programan oinarrituta, baina ez du aurkitu gobernu koherentea inorekin osatzeko aukerarik», ondorioztatu du Mediavillak. «Ez dugu nahikoa kointzidentzia izan oinarrietan».

Beste arrazoi bat ere eman du EBBko kideak akordiorik egin ez izanari buruz: «Gobernua osatzeko premiak zaildu egiten du akordioak bilatzeko beharrezko hausnarketa».

Gauzak horrela, «gobernua osatzeko ardura» oso-osorik bere gain hartzen duela adierazi du, eta 2013ko aurrekontuen proposamena egiteko ardura ere bere egiten duela, «atzeratu ezinezko lana» delako. EBBren bileratik atera eta prentsa aretoan agerraldia eginda eman du berria Mediavillak. Eta deigarria izan da agerraldira bakarrik atera dela. Ez du inork lagundu; ez Iñigo Urkullu lehendakarigaiak, ez gainerako alderdiekin bilerak egiten aritu diren burkideek ere.

Akordioen «lan gobernua»

Bakarrik gobernatuko duela jakinarazi arren, legealdian adostasunak lortuko dituztela uste du EAJk. «Harreman erronda bien ostean, egiaztatu ahal izan dugu gobernu formula baterako nahikoa ez den arren herri akordio handien inguruko jarrera irekia dagoela», esan du Mediavillak. «Gure egoera politikotik, lan gobernu bat osatzeko urratsak egiteko ardura geureganatzen dugu». Hain zuzen, «herri erronkei» ekiteko, «lan gobernua» bide egokiagoa iruditu zaio EAJri «koalizio gobernua adosteko baldintza desegokiak onartzea baino».

Gero, «denborarekin», edozein gauzari buruz hitz egin ahalko dela dio alderdi jeltzalearen buruzagitzak. Horixe erakutsi duela bileretan izan den jarrera irekiak. «Herri akordio handietarako edukien gidoia guztien mahai gainean dago». Akordio beharrarekin guztiek bat egin dutela gogoratu, eta «hurbilketa eta akordioz betetako legealdia» iragarri du Mediavillak EAJren EBBren izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.