Eugenia Arrizabalaga EAJko Gipuzku Buru Batzarreko bozeramailearen ustez, Bilduk "modu autoritarioan" ezarri nahi du herrialdean zabor bilketarako atez ateko sistema. Bilduk atzo jakinarazi zuen Gipuzkoako beste 34 herritan jarri nahi duela atez atekoa eta gaurtik aurrera hasiko dela eskaera udalbatzarretara eramaten.
Arrizabalagak azaldu du ezker abertzaleak ez duela herritarren parte hartzerik bilatu eta EAJk berak herri horietako biztanleak informatzeko eta galdetzeko lan egingo duela.
Gipuzkoan egun Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan dago zaborra biltzeko modu hori, eta Bilduk dio oso gustura dagoela emaitzekin. "Beste sistemekin %25 birziklatzen da, eta atez atekoarekin %90". EAJko eledunak erantzun du atez atekoarekin gehienez ere %80 birzikla daitekeela eta beste %20ak ezin ordainduko kostua lukeela.
Gainera, Arrizabalagaren arabera, sistema horrekin ere zabortegiak beharko dira —egungoak eta berriak—, eta errauste planta ere beharrezkoa izango da, "atez atekoa ez baita hondakinen tratamendurako sistema integral bat; bilketarako modu bat baino ez da".
Herritarrek zaborra ondo eta behar denean botatzen duten kontrolatzeko "poliziak" erabiltzen direla ere adierazi du.