Udal eta foru hauteskundeetarako urtebete eta hilabete falta da, baina nabari da indar politikoek jada horretan jarria dutela begirada. Aste honetan bertan, EAJk Galdamesko, Meñakako eta Arrietako (Bizkaia) alkategaiak baieztatu ditu, eta ez dira jeltzaleek izendatutako lehenak. Halere, Aitor Estebanen alderdiak maiatzaren 24an emango dio hasiera boz horietara begirako kanpainaurreari. Durangoko (Bizkaia) Landako gunean egingo du, 11:30ean, Aurrera diharduen indarra lelopean.
Zehazki, bozak 2027ko maiatzaren 23an izango dira Hego Euskal Herrian, maiatzeko azken igandean. Hain justu, jeltzaleek Durangoko ekitaldia egin eta urtebetera. Beraz, data ez da kasualitatea, ezta aukeratutako goiburua ere. Leloko hiru hitzek ADI 26/27 akronimoa osatzen dute, eta, hala, «adi» heldu nahi diote jeltzaleek 2026-2027 urte politikoari.
EAJk Durangon biltzeko hautua ere defendatu du ohar batean. Aspaldi hartu du eremu hark garrantzi berezia EAJren ekitaldi handietarako toki gisa; ia-ia Forondako zelaien eta Bilboko Plaza Barriaren pare. Esaterako, 2024ko urtarrilean, alderdiko Aberri Batzarrak bertan izendatu zuen Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai.
«Landakotik espiritu berri bat irten zen», adierazi zuen orduan Andoni Ortuzarrek, orduko EBBko presidenteak. Eta horri eutsi nahi diote. «EAJk gune horretan erakutsiko du Euskadi eraikitzen jarraitzeko tresnarik onena dela, eta lan horretarako indarra eta irmotasuna badituela», azaldu dute.
Hala, maiatzeko ekitaldian, hitza hartuko dute EAJ berritu horren bi aurpegi nagusiek: Estebanek eta Pradalesek. Udal eta foru bozak izanik, baina, lurraldeetako ordezkarien presentzia ere nabarmena izango da, eta oholtzan izango dira Iñigo Ansola (Bizkaia), Maria Eugenia Arrizabalaga (Gipuzkoa), Jone Berriozabal (Araba) eta Unai Hualde (Nafarroa) burukideak ere. Hain zuzen, jeltzaleek azaldu dute «lurralde eta aberri mailako ordezkarien lidergoarekin, ehunka alkate eta zinegotzi jeltzalerekin eta Batzar Nagusietako eta aldundietako ordezkariekin» egingo dutela bidea.