Politika

EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek aitortu dute ez dela galdeketarik izango, Konstituzionalak ez badu laster erabakia hartzen

Irailaren 15eko epea eman diote lau alderdiek Espainiako auzitegiari. Egutegia aztertzeko bilera egin dute eta, Konstituzionalaren erabakia kontsultaren kontrakoa bada, herritarrei dei egin diete Espainia Europan salatzeko.

2008ko irailaren 5a
15:28
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak irailaren 15a baino lehen Eusko Legebiltzarrak ekainean onartutako Galdeketaren Legeari buruzko erabakia ez badu hartzen -Espainiako Gobernuak salaketa sartu zuen-, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urriaren 25ean kontsultarik ez dela izango aitortu dute gaur EAJk, EA, EBk eta Aralarrek.



Galdeketa dela-eta egutegiaren bilakaera aztertze aldera bilera egin dute lau alderdiek gaur. EAJtik Iñigo Urkullu presidentea eta Belen Greaves idazkaria izan dira, EAtik Unai Ziarreta presidentea, EBtik Javier Madrazo koordinatzaile nagusia eta Mikel Arana presidentziarako bozeramailea, eta Aralarretik Jon Abril koordinatzaileordea.

Galdeketarik ez badago, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen "nahia beteko litzateke", lau alderdi haien ustez -oharra atera dute-, "eta horregatik euskal gizarteari ezin planteatu izango litzaioke kontsultarik".

Aukera horren aurrean, herritarrei dei egin diete, lehengo astean Eusko Jaurlaritzak bezala, Espainiaren aurka salaketa sartzeko Giza Eskubideen Europako Auzitegian, "Giza Eskubideen eta Funtsezko Askatasunen babeserako Europako Hitzarmenaren 6, 9, 10, 11, 13 eta 14 artikuluetan azaltzen dena urratzen delako eta, horrela, euskal herritarrek ezingo baitute planteatu den kontsultan parte hartu".

Hurrengo astean ere batzartu egingo dira EAJ, EA, EB eta Aralar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.