Espainiako Auzitegi Gorenak Juan Mari Atutxa, Gorka Knorr eta Kontxi Bilbao Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide izandakoei jarritako zigorra salatzeko, Eusko Jaurlaritzako hirukoak (EAJ, EA, EB) manifestazioa deitu du larunbat honetarako, Vasco Press berri agentziak argitaratu duenez. Bilbon egingo dute ekimena, 18:00etatik aurrera, "Eusko Legebiltzarraren burujabetasuna babesteko", gaur EAJren oharrak dioenez. "EAJk, EAk eta EBk uste dugu berezikoa dela gure ahotsak altxatzea demokrazia amildegira daraman estrategia salatu behar dugulako. Epaile zehatz batzuk partisano gisa, herritarren borondatearen aurkako ariete gisa, erabiltzen duten estrategia salatzeko altxatu behar dugu ahotsa".
1999-2003 legealdian Eusko Legebiltzarrean Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik desobedientzia egotzita zigortu zituen Gorenak astelehenean Atutxa, Knorr eta Bilbao -bi urteko inhabilitazio zigorra eta isunak ezarri dizkie-. Hiru hauek zioten Gorenaren aginduta Legebiltzarraren autonomiaren aurkakoa zela, botereen arteko banaketa hausten zuela, eta Legebiltzarraren erabakiak burujabeak direla.
Gorenak, asteleheneko erabakia hartzeko, EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia baliogabetu egin du, auzitegi honek errugabetu egin baitzituen Eusko Legebiltzarreko Mahaiko hiru kide ohiak, eta Auzitegi Goreneko fiskalaren eskaerari muzin egin dio, honek errugabetzea berresteko eskatu baitzuen asteleheneko auzi-saioan ere. Horrenbestez, Manos Limpiasen akusazioari arrazoi eman zion Auzitegi Goreneko Zigor Salako osoko bilkurak.
Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak, Unai Ziarreta EAkoak eta Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusiak etzi elkarrekin prentsaurrekoa emango dute gai hau dela-eta.
'Atutxa auzia'
EAJk, EAk eta EBk manifestazioa deitu dute larunbat honetarako 'Atutxa auzia' salatzeko
Atutxa, Knorr eta Bilbao Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide izandakoei Espainiako Auzitegi Gorenak jarritako zigorraren kontra egingo dute Bilbon, 18:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu