Politika

EAJk EBB berritzeari ekingo dio datozen hilabeteetan

Eusko Legebiltzarrerako hautagaiak aukeratzeko prozesua ere abian jarriko du

EAJren buruzagi nagusiak, Bilbon, azken hauteskunde gauean. MARISOL RAMIREZ - FOKU
gotzon hermosilla
2020ko urtarrilaren 9a
12:42
Entzun

Sortu zenetik 125 urte betetzen dituen urtean, bi prozesu garrantzitsuri ekingo dio EAJk: EBB Euzkadi Buru Batzarra –zuzendaritza batzorde gorena– berriztatzeko prozesuari, eta aurten egitekoak diren Eusko Legebiltzarrerako hautagaiak aukeratzeari. Prozesu horien berri eman dute EBBko presidente Andoni Ortuzarrek eta Mireia Zarate EBBko idazkariak.

Lehenengo prozesuan, EBBko presidentea eta gainerako kideak aukeratzeaz gain, alderdiaren estatutuak ere berriztatuko dituzte. Prozesuaren amaiera uztailaren 11n eta 12an Bilbon egingo duten VIII. Batzar Nagusia izango da. Andoni Ortuzarrek ez du argitu nahi izan EBBko buru jarraitzeko aukera aztertzen ari ote den: «Gurean, hautagaiak ez dira aurkezten; batzarrek proposatzen dituzte», esan du. «Ni beti izan naiz alderdiko kide diziplinatua; ikusi egin beharko da proposatzen ote nauten, eta, proposatzen banaute, nire ustez alderdiarentzat egokiena dena egingo dut».

Eusko Legebiltzarrerako zerrendei dagokienez, urtarrilaren 13an aztertuko du gaia EBBk asteroko bileran, eta lehendakarigaia, Eusko Legebiltzarrerako presidentegaia eta herrialdeetako hautagaiak proposatuko ditu, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurekin kontrastatu ostean. Urtarrilaren 15ean, Aberri Batzarra egingo dute, eta han emango dio EBBk alderdiari hartutako erabakiaren berri. Hautagaien izendapen ofiziala martxoaren 7an egingo dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.