Eusko Legebiltzarrerako bozak

EAJk, EH Bilduk eta PSEk eserleku gehiago lortuko dituzte legebiltzarrean, soziometroaren arabera

Elkarrekin Podemos eta PP+C's koalizioek behera egingo dute, lehenak hiru eta bigarrenak bi aulki gutxiago lortuta. Inkestak otsailaren 18tik 26ra egindakoak dira, hau da, Zaldibarko luizia gertatu eta bi aste ingurura.

Bozkatzeko paperak Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, iazko azaroaren 10ean, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 6a
12:43
Entzun

Eusko Legebiltzarrean hiru eserleku irabaziko ditu PSE-EEk eta bana EAJk eta EH Bilduk. Aldiz, Elkarrekin Podemosek hiru aulki gutxiago lortuko ditu, eta PPk gaur dituen baino bi gutxiago PP-C's koalizioak. Voxek ez du legebiltzarrean sartzea lortuko. Datu horiek atera ditu euskal soziometroak, otsailaren 18tik 26ra –Zaldibarko (Bizkaia) luizia gertatu eta bi aste ingurura– egindako 1.750 inkestatatik.

PSE-EEk izango du igoerarik handiena, bederatzi parlamentaritik hamabira igarota, eta hirugarren indarra izango litzateke, Elkarrekin Podemosi aurrea hartuta. EH Bilduk, berriz, bigarren postua mantenduko luke, hemezortzitik hemeretzira igota. Euskal soziometroaren arabera, EAJk irabaziko ditu hauteskundeak, 28tik 29 parlamentarira pasata. Inkestak emaitza okerragoak aurreikusi ditu Elkarrekin Podemosentzat; hamaika legebiltzarkidetik zortzira igaroko da. Batera aurkeztu arren, PP-C's koalizioak PPk legealdi honetan dituen bederatzi legebiltzarkideetatik zazpira igaroko da. Hau da, emaitza okerragoak lortuko dituzte hautagaiak aldatu dituzten biek – Miren Gorrotxategi izango da lehenengoena eta Carlos Iturgaiz bigarrengoena–.

Balizko akordioei begira jarrita, egun bezala EAJk eta PSE-EEk gobernua osatuko balute, 75 legebiltzarkideetatik 41 lortuko lituzkete, hau da, gehiengo osoa edukiko lukete –egun, 37 legebiltzarkide dauzkate, gehiengo osoa baino bat gutxiago–. Elkarrekin Podemosek aipatu duen bezala ezkerreko hiru indarrak –EH Bildu, PSE-EE eta EP– batuz gero, berriz, 39 eserleku izango lituzkete.

Mahaien zozketak, bihartik aurrera

Bihar hasi eta martxoaren 11ra arte egingo dira hauteskunde egunean mahaian egoteko zozketak. 24.000 pertsona baino gehiago –7.700 titular eta 15.500 ordezko inguru– aukeratu dituzte horretarako. Herrian erroldatuta dauden guztien artean egingo dira zozketak, baina salbuetsita egongo dira idazten eta irakurtzen ez dakitenak edo 70 urte baino gehiago dauzkatenak.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako 2.677 mahai egongo dira guztira, 721 hauteslekutan banatuta. Lurraldez lurralde, Araban 426 mahai egongo dira, 99 hauteslekutan banatuta; Bizkaian 1.400 mahai, 339 hauteslekutan; eta Gipuzkoan 851 mahai, 283 hauteslekutan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.