Jarraitutasunaren alde egin du EAJren Gipuzko Buru Batzarrak, eta Eider Mendoza (1974, Azpeitia, Gipuzkoa) proposatu du Gipuzkoako ahaldungai nagusi izateko. Aurreko astean Ibone Bengoetxearen izendapenak hautsak harrotu zituen, eta gaur kontrakoa irudikatu du alderdiak. Mendozak Markel Olano ordezkatu zuen 2023ko hauteskundeetan, eta ahaldun nagusi karguan jarraitzea izango du xede.
GBBk Mendozaren esperientzia politiko eta instituzionala nabarmendu du bere proposamena babesteko. «EAJren taldearen sendotasuna dauka euskal lurralde gisa Gipuzkoaren aurrerabidea bultzatzeko eta gipuzkoarren ongizaterako proiektu politikoa betetzen jarraitzeko, garapen ekonomikoan, justizia sozialean eta burujabetza politikoan oinarrituta», azaldu dute ohar batean.
Hain zuzen, ahaldun nagusi kargura iristerako, hogei urtetik gorako ibilbide politiko-instituzionala egina zuen Mendozak erakunde publikoetan. Eusko Legebiltzarrerako aurkeztu zen EAJren zerrendan 2001ean, eta 2011ra arte aritu zen bertan. Urte hartan, baina, legebiltzarra utzi zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bidea hartzeko, eta bertako presidenteorde kargua hartu zuen —EAJ oposizioan zegoen—. Gerora, 2015etik 2019ra Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente izan zen. Hurrengo legealdian, berriz, Olanok foru aldundiko Gobernantza diputatu eta gobernuko bozeramaile izendatu zuen, eta hura izan zen lehen lerrora jauzi egiteko tranpolina: legealdia amaitu aurretik, EAJk ahaldungai nagusi izendatu zuen. Hauteskunde haietan EH Bildu izan zen lehen indarra Gipuzkoan, baina PPren babesari esker EAJren eta PSE-EEren arteko aliantzak gobernua eskuratu zuen.
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Mendozak adierazia zuen asmoa zuela bigarrenez EAJren hautagai izateko. Abuztuaren amaieran, erabakia alderdiko zuzendaritzaren esku zegoela adierazi eta gehitu zuen bazuela horretarako asmoa: «Ez naiz ezkutatuko hala nahi badute; nik, behintzat, baditut energia eta gogoa instituzio honen lidergoan jarraitzeko». Legealdi gorabeheratsua izan da orain artekoa, eta aurrekontu proiektuen inguruko bozketak dira horren adierazle: 2024ko aurrekontu proiektuak ez zuen aurrera egin, 2025ekoak PPri esker onartu zituzten, eta 2026koak Elkarrekin Ahal Dugu-k babestu zituen.
Gonzalez eta Bengoetxea
Alderdiko zuzendaritzaren proposamena militanteek berretsi beharko dute orain, baina haren izendapenarekin argitu egin dira EAJk Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izango dituen hautagai nagusiak. Gipuzkoan bezala, Araban ere azken urteetako ibilbideari jarraipena ematea erabaki dute jeltzaleek, eta Ramiro Gonzalez proposatu dute berriz ere ahaldungai nagusi gisa. Bizkaian, berriz, lurrikara eragin zuen BBBk Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordearen alde egin izanak; izendapenak «ezustean» harrapatu zituen EAJren EBBko presidente Aitor Esteban eta Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe.Â
Mendozarekin batera Gipuzkoako Aldundiaren lidergoa hartzeko lehian arituko diren gainerako hautagaiak ere ezagutarazten ari dira alderdiak. Duela hiru urteko aurrez aurreko bera izango da indar abertzaleen artean, EH Bilduk Maddalen Iriarte aurkeztuko baitu zerrendaburu gisa. PSE-EEren kasuan, berriz, Jose Ignacio Asensio ahaldun nagusiordeak baieztatu zuen bera ez zela aurkeztuko, eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak ordezkatuko du hura.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente izateko hautagaia ere proposatu du GBBk, eta hor bada aldaketa nabarmen bat. Xabier Ezeizabarrena izan da bertako buru 2019tik, baina jeltzaleek Joseba Andoni Agirretxearen alde egin dute oraingoan. Agirretxea Euskal Filologian lizentziaduna da, eta Madrilen aritu da lanean 2008tik 2011ra bitarte eta 2013tik Espainiako Gorteak desegin arte, Espainiako Kongresuko diputatu gisa. Arabako Batzar Nagusiei dagokienez, Irma Basterra proposatu dute jeltzaleek; Bizkaian, berriz, Ana Otaduiren alde egin dute.