EAJk eskatu dio Espainiako Gobernuari esku hartzeko Irungo mugaren auto ilaren auzian

EAJko Espainiako Kongresuko eledun Maribel Vaquerok salatu du «Frantziak muga itogune bihurtu» duela, eta Madrili galdegin dio «inplikazio handiagoa», Frantziako agintariekiko «solaskidetzan».

Hmaar kilometro inguruko auto-ilarak egon dira AP-8 errepidean, joan den astean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Hmaar kilometro inguruko auto-ilarak egon dira AP-8 errepidean, joan den astean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2026ko abuztuaren 24a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken astean, auto ilara oso luzeak egoten ari dira Irungo muga inguruan. Denbora askoan geldirik egotearen etsipenean, gidari askok Oiartzungo (Gipuzkoa) bigarren mailako errepideetatik muga aldera joateko deliberoa egin dute, eta horrek eragin du inguruko errepide horietan eta Irun hiri barrukoetan ez atzera ez aurrera geratzea milaka auto.

Irungo alkate Cristina Labordak (PSE-EE) Ertzaintzaren laguntza eskatu du Irungo hiri barruan auto ilarak gerta ez daitezen, Oiartzundik Irunera sartzen diren autoei bide horiek erabiltzea galarazita, kontrolen bidez. EAJk, ordea, mugarekin lotura zuzena duen arazoa dela erantzun du, Espainiako Kongresuan duen eledun Maribl Vaqueroren ahotan: «Ezin dugu arreta arazoaren benetako jatorritik desbideratu. Uda oro Irun eta Bidasoaldea kolapsatzen dituzten auto ilaren arrazoiak dira Frantziako agintariek mugan eta Biriatu inguruan ezarritako murrizketak, errei-itxierak eta kontrolak». Beraz, Vaqueroren esanetan, arazoa ez da Irunen errepideak falta direla: «hori demagogia da». Arazoa da, haren ustez, «Frantziak muga itogune bihurtu» duela, eta horren ondorioak Hegoaldeko milaka herritar ari direla pairatzen.

Gogorarazi du Jaurlaritza udaltzaingoekin lanean ari dela trafikoa kudeatzeko lanetan, eta Frantziako agintariekin ere bai. JOan den astean, izan ere, trafiko handiko egunetan Irunen ibilgailuak ez pilatzeko neurri sorta bat onetsi zuten. Baina bada errepideei buruzko eztabaida baten atzean «ezkutatu ezin dugun errealitate bat», eledun jeltzalearen arabera: «Mugaren edukiera murrizten duten erabakiak Frantzian hartzen dira, baina auto-ilarak hemen pairatzen ditugu. Eta Frantziak igarobideak ixten edo mugatzen dituenean, orain gertatzen ari den bezala, Bidasoaldea Europako muga baten itxaron-eremu bihurtzen da automatikoki».

Santanoren erantzukizuna

Hori dela eta, Espainiako Gobernuari «inplikazio handiagoa» eskatu dio Vaquerok, «bai Frantziako agintariekiko solaskidetzan, bai konponbide koordinatuak bilatzeko. Espainiako Garraioetako Estatu idazkari Jose Antonio Santano irundarrak «oso ondo» ezagutzen ei ditu mugaz gaindiko trafikoak Irunen eta Bidasoaldean dituen ondorioak. «Irungo alkate zenean ere Espainiako gobernuari mugatik eratorritako arazoen konponbidean inplikatzeko eskatzen zion. Orain duen erantzukizunarekin, Irunen zegoenean eskatzen zuena egiteko aukera du», helarazi du eledun jeltzaleak.

«Irungo alkate zenean [Jose Antonio Santano] Espainiako Gobernuari mugatik eratorritako arazoen konponbidean inplikatzeko eskatzen zion. Orain duen erantzukizunarekin, Irunen zegoenean eskatzen zuena egiteko aukera du»

MARIBEL VAQUERO EAJko eleduna Espainiako Kongresuan

Aurreikuspenen arabera, 2,7 milioi ibilgailuk zeharkatuko dute muga uda honetan, 2025eko aldi berean baino %6 gehiagok. Neurri handi batean, Itsasartea Igarotzeko Operazioarekin lotutako nazioarteko trafikoa da: Afrika iparraldetik, Portugaletik edota Espainiako hegoaldetik datozen milaka ibilgailuk Hego Euskal Herria zeharkatzen dute, Europako hainbat tokitara bidean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA