Espainiako Gobernuak Gernika Euskal Herrira ez ekartzeko emandako azalpenak ez dira nahikoa EAJrentzat. Ernest Urtasun Kultura ministroak berriro ezezkoa eman zion atzo Pablo Picassoren margolana Euskal Herrira ekartzeari. EAJren eskaerari «ezezko biribila» eman zion, eta margolana behin-behinean ekartzea ere baztertu. Segurtasun kontuak aipatu zituen argudio modura, uste baitu Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrena gogora ekartzeak modua eman behar duela obra horrek «beste 90 urte beteko dituela» bermatzeko: «Ondare baliotsu hori babestea da nire lana».
Bada, Espainiako Kongresuko eledun jeltzale Maribel Vaquerok gaur esan du erantzun hori ez dela nahikoa Gernika nahitaez Madrilen utzi behar dela baieztatzeko. Hala, Vaquerok eskatu du artelana berriro azter dezatela, «sakon», eta azterlan horiek «nazioarteko teknikariek» egin ditzatela. «Ikusi nahi dugu koadroa benetan ezin ote den mugitu».
Madrilgo Reina Sofia museoan dago Gernikako bonbardaketako sarraskiaren harira Picassok margotu zuen obra. Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, Vaquerok azaldu du EAJk zera proposatzen duela: aztertzea posible ote den Gernika aldi baterako Euskal Herrira ekartzea. «Mendebalde erdian egon baita, 11 herrialdetan, hiri pila batean, Kopenhagen, Parisen, Londresen, New Yorken, Sao Paulon... hau da, Europan eta Amerikan ibili da, harik eta 1992an Madrilen bukatu zuen arte, eta ordutik ez da handik atera».
Aspaldiko eskaera bat
EAJk ez du ongi hartu Madrilen ezezko biribila. «1980ko hamarkadan hasi ginen eskatzen, Eusko Jaurlaritzaren bidez eta diktaduraren ostean, koadro hori Euskadira ekar zezatela, aldi baterako edo behin betiko, eta 1992ra arte mundu osoan ibili da. Hori bai, 1980tik aurrera, ezin izan da Euskadira etorri. Auzi hau bitxia da». Vaquerok uste du balitekeela gaur egun «zaharberritze teknika aurreratuagoak» egotea, artelanak mugitzeko modu berriak.
Madrilek ezetz esan du, baina EAJk ez du amore eman. «Gauza zailagoak ikusi ditugu. Sarritan ikusi dugu nola Sanchezen gobernu honek esaten duen gauza bat ezin dela egin eta, gero, gauza hori bera egin daitekeela. Uste dugu borondate politikoak baduela pisua erabakiak hartzeko garaian».
Edonola ere, jeltzaleek ez dituzte auzitan jartzen Reina Sofia museoko teknikarien txostenak, baina «txosten tekniko gehiago» nahi dituzte. «Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrenean, Euskal Herriarentzat garrantzi handikoa litzateke obra hori hemen ikusi ahal izatea». Vaquerok ziurtatu du Espainiako Gobernuan «borondatea balego», aukera gehiago egongo liratekeela Gernika Euskal Herrira ekartzeko.
Urtasunen arrazoiak
Picassoren obra Euskal Herrira ekartzeko eskaria aspaldikoa da, Vaquerok azaldu duenez, baina azkenaldian indartsu dabil berriro: orain bi aste egin zion galdera Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta lehendakariordeak Urtasuni. Kontu bakarra eskatu zion: Gernika koadroa Bilboko Guggenheim museora ekar dezatela. Egun gutxi batzuk geroago, gai berari heldu zioten Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, eta lehendakariak esan zuen «erreparazio sinboliko eta politikoa» litzatekeela artelana Bilbora ekartzea. Atzo, berriz, EAJko Igotz Lopezek Senatura eraman zuen gaia, eta azalpenak eskatu zizkion Urtasuni. Alegia, galdetu zion zergatik egiten dion uko Gernika lekualdatzeko «beharrezko baldintzak aztertzeari».
Urtasunek azaldu zuen XX. mendeko margolanik delikatuenetako bat dela Gernika, eta ezin duela «estres» gehiago jasan. EAJren eskaria ulertzen duela esan zuen, baina koadroa mugitzearen aldekoei adierazi zien beharrezkoa dela teknikariei kasu egitea. Nabarmendu zuen arriskua dagoela mugimendu txikienek ere lanari kalte egiteko.