EAJk Senatura eraman du ‘Gernika’ Euskal Herrira ekartzeko eskakizuna

Ernest Urtasun Espainiako ministroari galdetu dio zein diren koadroa Bilbora mugitu ahal izateko bete beharrekoak, baina oraindik ez diote erantzun. Jaurlaritzak Guggenheim eta Reina Sofia museoen arteko lankidetza proposatu du.

Espainiako Gobernuko presidentea eta Ukrainako Gobernukoa, iaz, Pablo Picassoren 'Gernika' koadroa ikusten. FERNANDO CALVO / EFE
Espainiako Gobernuko presidentea eta Ukrainako Gobernukoa, iaz, Pablo Picassoren 'Gernika' koadroa ikusten. FERNANDO CALVO / EFE
Iratxe Muxika
2026ko apirilaren 7a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da kontu berria: orain bi aste egin zion eskaera Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta lehendakariordeak Ernest Urtasun Espainiako Gobernuko Kultura ministroari. Kontu bakarra eskatu zion: Pablo Picassoren Gernika koadroa Bilboko Guggenheim museora ekar dezatela. Egun gutxi batzuk geroago, gai berari heldu zioten Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, eta lehendakariak erran zuen «erreparazio sinboliko eta politikoa» litzatekeela artelana Bilbora ekartzea. Bada, bertze urrats bat egin dute gaur: EAJko Igotz Lopezek Senatura eraman du gaia, eta azalpenak eskatu dizkio Urtasuni. Alegia, zergatik egiten dion uko Gernika lekualdatzeko «beharrezko baldintzak aztertzeari».

Izan ere, Pradalesek azterketa posibilista bat egitea galdegin zion Espainiako Gobernuari, ikusteko nola mugi litekeen koadroa inolako kalterik eragin gabe. Eta, hain justu, ideia hori berrestera joan da Lopez Senatuko kontrol bilerara, baldintzak azter ditzala exijitzera. Eztabaida bi gobernuen artekoa izanagatik, Reina Sofia museoa tartean sartu da, eta eskakizunaren kontra agertu.

«Gobernu moduan, itxaroten ari gara oraindik, ez baitugu inolako erantzunik jaso», erran du gaur Bengoetxea sailburuak. Jakinarazi du ez dutela onartuko teknikoki lan zaila dela erratea, edo, are, mantentze lanengatik ezinezkoa dela erratea: «Eskatzen duguna begirada aldatzea da. Eta galdera zehatz bat daukagu: zer beharko luke koadro horrek etxera etorri ahal izateko?, zein dira bete beharreko baldintzak, eta nola berma ditzakegu, daukagun garapen teknologikoarekin eta ezagutzarekin?». Erantzun baten gibeletik ez ezik bi museoen arteko lankidetzaren bila ere ari direla kontatu du Bengoetxeak.

Eztabaida sareetan

Bederatzi hilabeterako nahi du Eusko Jaurlaritzak margolana Bilbon, aurtengo urriaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitarte; nagusiki, aurten izanen delako Gernikako bonbardaketaren eta Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena, eta, gainera, koadroa lekualdatzeak «bakearen aldeko mezu bat» bidaltzeko balio lezakeelako.

Politikariak etengabe ari dira sareen bidez kontu horren inguruan solasean. Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak, kasurako, herenegun erran zuen abertzaleen eskaerak «zentzugabeak eta baldarrak» direla, eta sortutako iskanbila guztia «negozio politiko» baten parte bertzerik ez dela. X sare sozialaren bidez solastatu zen Ayuso, eta horren bidez erantzun zion Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak: «Isabel, Kondor Legioa izan zen zuretarrek Gernikari egindako ekarpena. Gernika Euskal Herriarena da! Beti antifaxistak! Gora Euskal Herria askatuta!».

Segidan, Laura Garrido PP Alderdi Popularreko legebiltzarkidea EAJri eta Eusko Jaurlaritzari mintzatu zitzaien, eta «sekula beteko ez diren espektatibak sortzea» aurpegiratu zien biei. «Ezin dira nahasi nahia eta errealitatea. Euskaldun guztioi gustatuko litzaiguke Gernika Euskadin egotea, baina teknikoki bideraezina da».

Edonola ere, ez da koadroa lekualdatu nahi duten estreinako aldia. 1997an, erraterako, gaurko eskaera bera egin zioten Espainiako Gobernuari, baina Reina Sofia museoak gibelera bota zuen eskakizuna. Xabier Arzalluz zen orduan EAJko presidentea, eta entzutetsua izan zen hark Madrili emandako erantzuna: «Betiko kontuaren itxura hartzen diot honi: Euskadirentzat bonbak, eta Madrilentzat artea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA