EAJk eta EP-IUk txarretsi egin dute Felipe VI.ak konstituzioa modu hertsian aurkeztea

Estebanek egotzi dio Espainia «nazio bakar» gisa aurkeztea, eta Gorrotxategik, konstituzioa «kartzela gisa» aurkeztea.

AITOR ESTEBAN
Aitor Esteban EAJren Kongresuko eleduna, gaurko agerraldian, Sabin Etxean. JAVIER ZORRILLA / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2023ko abenduaren 25a
16:57
Entzun

Aitor Esteban Espainiako Kongresuko EAJren bozeramaileak kritikatu egin du Felipe VI.a erregeak ohiko duen Gabonetako hitzaldian Espainia «nazio bakar» gisa hartzea: «Beste modu batean sentitzen garenoi eta euskal nazioa dagoela sinesten dugunoi ez digu keinurik egin». Iruditzen zaio PPri, PSOEri eta Voxi zuzendutako mezua izan dela, beste inor aintzat hartu gabe emana.

Uste du Felipe VI.ak ez dituela euskaldunak aintzat hartu bere mezuan. Gogora ekarri du 1978an Espainiako Konstituzioa bozkatu zutenean hautesleen %30ek baino ez zutela babestu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EAJk abstentziora deitu zuelako, eta orduko ezker abertzaleak kontra bozkatzera. Espainiako Borboikoak «guztion artean onartutako konstituzioa» esan izana txarretsi du Estebanek.

Batasunaz hitz egitea ere deitoratu du, «batasuna borondatean oinarritzen delako; osterantzean, ez da benetako batasuna». Ahotsa altxatu nahi izan denean ukatu egin dela salatu du. Uste du konstituzioaren testua nahiko malgua dela kontsentsuak lortu ahal izateko, eta Felipe VI.ari egotzi dio kontsentsu horiek eragozteko giltza bat balu bezala jokatzea. Datu estatistiko batekin amaitu du Estebanek hitzaldia: erregeak 1.469 hitz egin ditu; euskaraz, bi.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarreko eledunak ere gaitzetsi egin du Felipe VI.aren mezua, uste baitu konstituzioa «kartzela gisa» aurkezten duela. Konstituzioa «zentzurik okerrenean» defendatu izana egotzi dio. «Konstituzioa erabil liteke askatasuna, pluraltasuna eta demokrazia zabaltzeko esparru gisa, eta erregeak kartzela gisa aurkeztu zuen konstituzioaren esparrua, eskuin muturraren esparrua onartuta».

EH Bilduk uko egin dio baloraziorik egiteari. «Erakunde horrek erakusten du hobekien Espainiako Estatuak gurea bezalako nazioei eskaintzen dien inposizioa eta ukazioa», adierazi du EH Bilduk. Horregatik deitu zuen «errege eta Espainiako indar armatuen buruak abenduaren 24ko gauean egin ohi duen diskurtsoari boikot aktiboa egitera», eta ordu horretan telebistak eta irratiak itzaltzera.

PPk baino ez du babestu Felipe VI.aren mezua, «konstituzioa babesten duelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.