Frankismo garaian izandako epaiketak bertan behera uzteko lege proposamena aurkeztu du gaur Elkarrekin Podemos taldeak, baina EAJ eta PPren ezezko botoek ezerezean utzi dute ekimena. PSE-EE abstenitu egin da, eta EH Bilduk aldeko botoa eman du: 27 baiezko, 36 ezezko, eta 10 abstentzio.
Elkarrekin Podemos taldeak gerra eta diktadura garaian izan ziren epaiketak zehaztea nahi zuen, ondoren biktimei ordain juridiko bat eskaintzeko. "Jaurlaritzak frankismoko biktimekin duen behar moral eta historiko bat da", adierazi du Jon Hernandez legebiltzarkideak. Soilk EH Bilduren babesa jaso dute: "Bide guztiak jorratu behar dira biktimei behar duten aitortza egiteko".
Ekimenaren mamiarekin bat agertu dira jeltzaleak eta sozialistak, baina formak desegokiak direla argudiatuta, ez dute babestu. "%100ean bat gatoz azaldutako argudioekin, baina forma kontuak aurka bozkatzera behartzen gaituzte", azaldu du Isusi Ramirez-Eskudero jeltzaleak. Beraien hitzetan, Eusko Jaurlaritzak ez du eskumenik epaileen lanean eskua sartzeko eta, beraz, ez du eskumenik epaiak bertan behera uzteko. Alderdi Popularra ere aurka azaldu da gaurko lege proposamena "alferrikakoa" dela esanda.
Gaur aurkeztutako lege proposamena Katalunian ekainean onartutako legean oinarrituta zegoen. Bertan aho batez erabaki zuten frankismoko biktimei ordain juridikoa ematea.