EAEko Hezkuntza Legea

EAJk eta PSE-EEk onetsi dute Hezkuntza Lege proiektuaren irizpena Hezkuntza Batzordean

Gaur igaro da zuzenketak eztabaidatzeko lantaldeak ondutako irizpena Hezkuntza Batzordetik. Azken pauso bat baino ez da falta: abenduaren 21ean onartuko dute Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran.

Hezkuntza Batzordea, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Irati Urdalleta Lete.
2023ko azaroaren 29a
18:03
Entzun

Azken-aurreko pausoa eman du EAEko Hezkuntza Legeak. Hain zuzen, urriaren 3an lege proiektuari zuzenketak jarri ostean, horiek eztabaidatzeko lantaldea osatu zuten. Bertan, onartutako zuzenketekin, testu bat ondu dute. Irizpen hori astelehenean pasatu zen lantaldetik, eta gaur eman diote onespena Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean: babestu egin dute EAJk eta PSE-EEk; aldiz, aurka egin dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PPk eta Voxek. Ez dute edukien berri eman, baina jakina da hizkuntza ereduak mantenduko dituztela behin betiko testuan. Azken urratsa baino ez da falta orain: Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean onartzea. Eusko Jaurlaritzaren esanetan, abenduaren 21ekoan izango da.

Alderdi batzuek eta besteek beren iritzia plazaratzeko probestu dute amaitu berri den bilkura. EAJko ordezkari Gorka Alvarezek, esaterako, eskerrak eman dizkio bereziki PSE-EEko legebiltzarkide Maria Jesus San Joseri. Eta erantsi du: «Gaur bozkatuko dugun lege hau hobea izango da legebiltzar honetara sartu zena baino». Halaber, nabarmedu du ezin dela esan lege ez dutela eztabaidatu eta ez duela ekarpenik jaso.

Ikoitz Arrese, EH Bilduko legebiltzarkidea, berriz, irmo mintzatu da EAJk eta PSE-EEk izan duten jarreraz. Nabarmendu du hezkuntza akordioan eraikitako zubiak hautsi egin dituztela, «EAJk eta PSE-EEk nahi izan dutelako». EAJri zuzenduta, esan dio irailaren 29an adostasuna zutela hizkuntza ereduen inguruan, baina handik egun gutxira, urriaren 3an —orduan erregistratu zuten EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduak aipatzen dituen zuzenketa—, aldaketak egon zirela. «Prozesu honen bukaeran, norbaitek prozesutik kanpo nahi izan gaitu». PSE-EErengana ere zuzendu da Arrese. Galdetu dio ea ados ote dauden «itunpeko [ikastetxe] guztiak mugarik gabe» ituntzearekin.

Halaber, Arresek adierazi du azkenaldian ez dutela eztabaidatzeko aukerarik izan: «Urriaren 3az geroztik ez dugu harremanik izan EAJko inorekin». Eta nabarmendu du gaurkoa «albiste txarra» izanagatik ere, lanean jarraituko dutela, «euskal hezkuntza sistema» eraikitzeko.

Elkarrekin Podemos-IUren izenean, Isabel Gonzalez aritu da hizlari, batez ere, legeak hezkutnza publikoan izango duen islaz. Haren irudiko, legea «galdutako aukera bat» da; izan ere, bere irudiko, «indartu» egingo du ikasleen segregazioa eta hezkuntzaren pribatizazioa, eta, gainera, eskola publikoa kaltetuko du.

Eskola publikoaren protesta

Harrabotsa barruan eta harrabotsa kanpoan. Legebiltzarkideak bilduta egon direnean, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak protesta egin du Eusko Legebiltzarraren atarian Euskal eskola publikoaren alde. Hezkuntza lege honi ez lelopean.

Eskola publikoaren aldeko protesta, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
Eskola publikoaren aldeko protesta, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.