EAJk eta PSEk atzera bota dituzte txertaketa irregularrei buruzko azalpenak emateko agerraldi eskeak

Santa Marina eta Basurtu ospitaleetako txertaketa irregularren harira oposizioko taldeek egindako hamabi agerraldi eskaeren aurka egin dute.

Basurtuko ospitalea. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
edurne begiristain
2021eko maiatzaren 5a
13:46
Entzun

Santa Marina eta Basurtu ospitaleetako txertaketa irregularren auzian inplikatutako hainbat arduradunek Eusko Legebiltzarrean azalpenak ematearen aurka bozkatu dute gaur EAJk eta PSEk. Besteak beste, Eduardo Maiz Bilboko Basurtuko ospitaleko zuzendariaren eta Jose Luis Sabas Santa Marina erietxekoaren agerraldiak eskatuak zituen oposizioak. EAJk eta PSEk, baina, atzera bota dituzte EH Bilduk, PP-C's eta Vox taldeek txertaketa irregularraren harira eskatutako hamabi agerraldi eskaerak, argudiatuz «azalpenak emanda daudela, erantzukizunak onartuta, eta ikerketa eginda». Jeltzaleek «agortutzat» jo dute gaia, eta nabarmendu Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak «gardentasun eta zorroztasun osoz» jokatu duela auziarekin. Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak  txertoen «erabilera politikoa» egitea egotzi die oposizioko taldeei.

EH Bilduko Rebeka Uberak salatu duenez, EAJk eta PSEk txertaketa irregularren auzia «atzeko atetik» itxi nahi dute, «ikertu gabe eta auzian parte direnen ahots guztiak entzun gabe, Gotzone Sagarduiren ahotsa bakarrik entzunda». Azalpenak talde parlamentarioei ez ezik herritarrei ere zor dizkietela gogorazi du Uberak. Iritzi bera agertu du Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak: «Auzi eskandalugarri honi buruzko beste ahots batzuk entzun behar ditugu». PPko Laura Garridok nabarmendu du agerraldiak «ezinbestekoak» direla txertaketa prozesuaren kudeaketa ongi ezagutzeko, eta agerraldiak atzera botatzeko «aitzakiarik ez» dagoela gehitu du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.