Berriro ere pintaketak egin dituzte EAJren eta PSE-EEren egoitzetan, Bizkaian. Zehazki, EAJk Loiun eta Abandon (Bilbo) dituen batzokietan eta PSE-EEk Astrabudua auzoan (Erandio) daukan herriko etxean agertu dira pintaketak. Patxi Ruiz presoaren eta amnistiaren aldeko aldarriak idatzi dituzte, eta PSE-EEren egoitzan Idoia Mendia hiltzaile ere idatzi dute.
EAJk «jazarpen kanpaina onartezintzat» jo du gertatutakoa, eta gogora ekarri du Ruizek gose eta egarri grebari ekin zionetik Bizkaiko 24 batzokitan egin dituztela pintaketak –Deustukoan eta Sabindarrak batzokian birritan—. «Gizarte zibila eta alderdi politikoak ezin gara geratu ezer egin gabe eta besoak gurutzatuta», esan du EAJren Bizkai Buru Batzarrak, eta erantsi du horrelako jokabideak «denboraz eta tokiz kanpo» daudela eta «guztiz ulertezinak» direla.
PSE-EEk ere salatu du gertatutakoa, eta nabarmendu du «are larriagoa» dela «alderdi baten buruzagi eta gainera lehendakarigai den bati zuzenean eraso egitea». PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusi Mikel Torresek esan duenez, «honen moduko jazarpen kanpainek ez zuten ezer lortu iraganean, eta oraingoan ere ez dute ezer lortuko». PSEren kasuan, Bizkaiko hamar herriko etxetan egin dituzte pintaketak, eta Mendiaren etxeko atarian ere pintura bota zuten.
Jarkiren oharra
Jarki antolakunde iraultzaileak BERRIAra helarazitako ohar batean esan du Patxi Ruizi eta haren «borrokari babes politikoa» adierazten dioten mobilizazioetan parte hartzera dei egiten duela, eta bere militantziak «parte hartze aktiboa» izan duela orain artekoetan. Amnistiaren beharra aldarrikatu du Jarkik: «Preso politikoen aferaren konponketa amnistiaren eskutik soilik erdietsi daiteke, Euskal Herri Langilearen zapalketaren erroak gaindituz eta izaera estrategikoa izan behar du halabeharrez».
Ruizek gose grebaren 22. eguna du gaur, Murtzia II espetxean (Espainia).