EAJk Euskadi zaindu leloa aukeratu du azaroaren 29ko hauteskunde kanpainari aurre egiteko, eta ideia horretan indar egiten ari da bozetara begirako agerraldietan. Jeltzaleek gaur aurkeztu dituzte Kongresurako eta Senaturako Gipuzkoako zerrendak, eta Maribel Vaquero Kongresurako zerrendaburuak adierazi du, «estatuko alderdien sukurtsal» gisa aritzen diren alderdiek ez bezala, eurek «Euskadi» dutela «abiapuntu eta helmuga».
Donostian egindako ekitaldian, Vaquerok defendatu du eurena dela «Euskadin sustrai sendoak» dituen eta «euskal etxea zaintzen eta defendatzen» duen indar bakarra, eta estatu mailako alderdien interesen arabera aritzea egotzi die gainerakoei. Alderdi Sozialistari dagokionez, adierazi du PSE-EE PSOE bihurtzen dela «Ebro ibaia zeharkatzean». Eta hari horri segika, EH Bilduri ere egotzi dio Espainiako Alderdi Sozialistaren «bidaide» gisa aritzea: «Sanchezek esaten duen guztia txalotzen duena, beren proposamenekin euskal etxearen burujabetza ahultzen badute ere».
PP ere kritikatu du Vaquerok. Haren esanetan, Alderdi Popularra eta Vox «txanpon berberaren alde biak» dira, eta horren adierazle jo du PP Gipuzkoan ez aurkeztu izana, Voxi bidea libre utzita. Horiek hala, esan du PP-Vox koalizioari aurre egingo diotela jeltzaleek, esanez orain arte ere horretarako «berme» izan direla.
Hain zuzen, EAJren GBBko presidente Maria Eugenia Arrizabalagak adierazi du EAJk ez duela inondik inora bi alderdi horien arteko gobernurik babestuko: «Gure indar guztiak, eskura dugun guztia, jarriko dugu gobernu hori eragozteko». Eta gehitu du, gehiengo osoa lortuko balute, jeltzaleak «aurrean» izango lituketela, «eskubide eta askatasunetan atzerapausorik» eman ez dadin.
Jeltzaleen ustez, bozetan «euskal etxearen defentsa» eta «eskubide zibil, sozial eta politikoak» daude jokoan, eta Vaquerok esan du eurak direla «inboluzio politikorik ematen ez dela ziurtatzeko» bidea. Era berean, baina, «egunerokotasunari» erreparatzeko ere eskatu du, eta hautesleei galdetu die ea zein talde ikusten duten, hala nola, zaintzari, industriari, etxebizitzari eta pentsioen auziari dagokienez «erabaki onenak» hartzeko gaitasunarekin.
«Ez gaitzatela nahastu bloke bien arteko polarizazio mezuekin, lokatz hori guztia ez dezatela aprobetxatu boto baliagarri pozoitu batekin, horrek ez baikaitu ordezkatzen», adierazi du Vaquerok. Izan ere, haren esanetan, Espainiako Gorteetan beste euskal ordezkari batzuk egon badaitezke ere, EAJkoak dira «Euskadi defendatzen duten bakarrak». Eta zentzu horretan ere «berme» direla gehitu du Arrizabalagak: «Madrilen osatuko den gobernuaren kolorea urdina edo gorria dela ere, EAJk Euskadi eta euskal hiritarrak defendatuko ditu».