Etxebizitza eta giltzak. Seguruenik, bi horiek dira hauteskunde kanpainan gehien entzungo diren hitzak. EAJk, ordea, beste buelta bat eman izan dio gai horri: «Euskal Etxeak badauka nork txukunduko duen Madrilen», adierazi du Idoia Sagastizabal Espainiako Diputatuen Kongresurako Bizkaiko hautagaiak, Getxon egindako ekitaldi politikoan. Hain zuzen, agintzen duen administrazioetan «etxea hankaz gora» izatea egotzi dio EH Bilduri. Bitartean, Aitor Esteban EBBko presidenteak PSOEri eta PPri adierazi die demokrazia «Moncloako giltzak eskuratzeko borroka baino askoz gehiago» dela.
Gaurko ekitaldia egiteko lekua ez dute kasualitatez aukeratu jeltzaleek: Algortako Geltokia plazan egin dute, Getxon: udal horretako alkate izan zen orain dela 90 urte Eusko Jaurlaritza zuzendu zuen Jose Antonio Agirre. Gaur egun, haren bilobak betetzen du haren lekua. Agirreren oinordeko Pradalesek Jaurlaritzaren lehenengo lehendakariaren mandatua betetzen jarraitzera deitu du. Hauteskunde kanpainan lehenengo ekitaldia izan du gaurkoa. «Azaroaren 29an gure herri eredua dugu jokoan. Euskal talde indartsua behar dugu, gure lehen defentsa lerroa delako», ohartarazi du. Izan ere, gehitu duenez, «bermatu behar dugu hurrengo egunean Euskadik funtzionatzen jarraituko duela, gertatzen dena gertatzen dela».
«Proposamenik ez»
Pradalesek PSOEri eta PPri egotzi die «Euskadirako proposamenik ez izatea». Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu dio bete gabe dauden konpromisoak betetzeko: «Gernikako Estatutua osatu gabe dago oraindik», aurpegiratu dio. Alberto Nuñez Feijoo PPren hautagaiari dagokionez, zalantzan jarri du hark «Estatuak Euskadin duen presentzia indartzeko» egindako proposamena: «Birzentralizatzeko asmoa badu, Euskal Etxearen atea mila giltzarekin itxita egongo da».
Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 51. urteurrena gogoan, diktadura garaian etxeetako balkoietan ikurrina erakusteko aukerarik ere ez zela gogoratu du Estebanek. Gaur Algortan bildutakoen artean, ordea, ikurrin bakarra baino ez zegoen. «Gora Euskadi askatuta» oihukatuz amaitu dute ekitaldia, bildutakoen txaloen artean.